Hiru urte eta erdi espetxean eman ostean, irria, urduritasuna eta negar malkoak iritsi ziren atzo, hamar lagunen askatasunaren berriarekin batera. Mikel Jauregi, Unai Dañobeitia eta Iñaki Ramos Valdemoroko espetxetik arratsaldeko 19.15 aldera atera eta bakarrik aurkitu ziren, baina inoren beharrik gabe bertako taberna batean haien askatasuna ospatzen hasi ziren. Berandu, baina ongietorri bero eta hunkigarria egin zieten preso egondako senideei Euskal Herritik abiadura bizian joandako hamabost lagun eta senideek.Jauregiren ama berria sinetsi ezinik zebilen. Astelehenean bertan izan zuen bere semea ikusteko parada eta hark negurako arropa oraindik ez ekartzeko eskatu zion, epaiketa jada bukatua zegoenez gero, Murtziarako bidean jarriko zutelakoan. Ama triste bueltatu zen bisitatik, baina ordu batzuen ostean, pozez zoratzen zegoen, hiru urte eta erdiren ostean, bere seme «kutunak» etxean lo egingo zuen-eta.
Soto-ko espetxea ere emozioaren agertoki bilakatu zen iluntzean. Bertatik Agurtzane Izartza eta Aiala Manrique atera ziren eta ordurako Gasteiz aldetik joandako dozena bat lagun bilduak zeuden bertan.
Aranjuezen ere dozenaka lagun bildu ziren Josu Lezamaren eta Peru Aranbururen zain. Arratsaldean, urduritasuna eta ezinegona nagusi izan bazen ere, 20.00ak aldera bi euskal herritarrek Aranjuezko hesiak atzean utzi eta Euskal Herrirako bideari ekin zioten.
Alcalatik ere berri onak iritsi ziren. Izan ere, arratsalde partean, bertatik atera baitziren Asier Ortiz de Guinea eta Unai Redin Gasteiz eta Iruñea aldetik joandako lagunak zain zituztela. Urduri eta emozioz betea zegoen Ainara Calvo ere. Ostiralean aske gelditu zen eta atzo bere laguna eta auzotarra den Unai Redinen zain zegoen Iruñean. «Ez genuen espero dena hain azkar gertatzea, bat-bateko sorpresa izan da guztia niretzat», esan zuen.
Presoen senideentzat ohikoa den atseden lekuan egin zuten geldialdia espetxe desberdinetatik zetozen autoek: Burgoseko Boceguillasen, hain zuzen ere. Bertan, atzo askatasuna berreskuratu zuten hamar lagunak elkartu ziren eta ederki disfrutatu zuten. Haien senideei ere, hiru urte eta erdiz horrenbeste bidaiatan bertatik igaro ostean, behingoagatik zorioneko parada bilakatu zitzaien Boceguillaseko taberna.
Algarak, negar malkoak, irriak... nagusi izan ziren atzo. Baina ohikoa den moduan, zorionarekin batera espetxe barruan utzi dituzten kideak izan zituzten gogoan.