Guardia Zibilaren jarrera salatu dute Sakanako gose-grebalariek
ETXARRI-ARANATZ
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak aska ditzaten, eta euskal preso politikoak beren eskubide guztien jabe direla Euskal Herrira ekar ditzaten Sakanan gose-greba egiten ari direnek Guardia Zibilaren jarrera salatu dute. Jakinarazi dutenez, atzo eguerdian bailarako sindikatuekin LAB, ELA eta ELArekin; CCOO eta UGT ez ziren han bilera egiten ari zirela, Guardia Zibilak Altsasuko Gure Etxearen kanpoaldean elkarretaratuta zeuden grebalariak identifikatu zituen. Tentsio uneak egon ziren, argazkiak ateratzen ari zen pertsona bat haiek ezabatzera behartu baitzuten. Horretaz gain, igandean Olaztin eskuorriak banatzen ari zirela «kontrolpean» eduki zituztela nabarmendu dute. Gauza bera gertatu zen Irurtzunen. Aste honetan ere, Sakanako hedabideekin, “Guaixe” astekariarekin eta “Beleixe” irratiarekin elkarrizketatu dira. Gaur talde politikoekin bilduko dira. Bestetik, Santutxuko Olatz Caminos bizilaguna atzo gelditu zen aske. Alacanteko kartzelaren kanpoaldean senideak eta lagunak zituen zain. Igandean, berriz, ongietorria egin zioten Victor Goñiri Gasteizen. Presoen eskubideen alde, 46 lagun mobilizatu ziren Arrasaten, 108 Arriaga Antzokian eta 33 Gasteizko Olarizu auzoan.
|