SANTURTZI
«Jarrai-Haika-Segi auzia»ren barruan datorren azaroaren 16an Auzitegi Goren espainolean egingo duten bista salatzeko Segik margotzeak egin ditu Santurtziko PSOEren egoitzan. Gazte antolakundearen aburuz, auzi horrek «erakunde oso bat eta Euskal Herrian milaka gaztek babesten duten proiektu politiko bat» epaitzen ditu, eta «inolako zilegitasunik ez duen auzia» dela salatu du.Datorren azaroaren 16an Auzitegi Goren espainolean egingo duten bistan, Auzitegi Nazionalak ezarritako sententziaren aurka aurkeztutako helegiteak aztertuko dira. Helegite horiek AVTk, Fiskaltzak eta defentsak aurkeztutakoak dira. Ondoren, epaiketa- ko azken epaia emango dute.
Jarrai, Haika eta Segi antolaundeen aurkako auzian 32 gazte epaitu zituzten 2005eko otsailean, martxoan eta apirilean egin zuten makroepaiketan. Hasieran 10 urteko eskaera fiskala zegoen guztientzat, baina ondoren Maider Alonso, Unai Beaskoetxea, Sonia Jacinto eta Amaia Maestre absolbituak izan ziren. Beste 28 gazteek, aldiz, apirilaren 27an jaso zuten haien sententzia; Fiskaltzaren hamar urteko eskaera alboratu eta bi urte eta sei hilabete eta hiru urte eta sei hilabete arteko epaia erabaki zuen Auzitegi Nazional espainolak.
Egun horretan bertan, preso jarraitzen zuten hamalau gazteetatik hamabik askatasuna berreskuratu zuten; beste bi gazteek, Aiora Epeldek eta Arkaitz Rodrigezek, espetxean jarraitu behar izan zuten beste sumario judizialak erabakitzeke zeudelako. Egun, hala eta guztiz ere, 32 gazteak daude kalean.
Ezker abertzalea ilegalizatzeko helburuz Estatu espainolak abiatutako estrategia «porrota» izan dela uste du gazte erakundeak, eta gaur egun Euskal Herrian Segi «errealitate ukaezina» dela gogora ekarri du, gainera. Segik Euskal Herriarekin duen konpromisoa berretsi du, eta «herriz herri eta arloz arlo, independentziaren eta sozialismoaren alde lan egingo» duela oroitarazi du.
Euskal Herriko egungo egoera «historikotzat» jo du Segik, eta Gobernu espainolak oztopoak jarri baino, «behingoz baldintza demokratikoak» ezarri ditzala exijitu du gazte erakundeak.