Asier AIESTARAN
DONOSTIA
Jokin Errastik urte amaieran esango dio agur pilota profesionalari. Azkoitiko atzelariak urriaren 22an amaitu zuen Asegarcerekin zuen kontratua, baina enpresarekin akordio batera iritsi ondoren, beste bi hilabetez jarraituko du bertan. Asegarcek jakinarazi duenez, datozen gabonetan jaialdi berezi bat antolatuko dute pilotariak behar bezalako agurra izan dezan.
Errastik 1985eko uztailaren 24an egin zuen debuta Zarauzko Zinema pilotaleku zaharrean. 20 urte baino gehiago eman ditu pilotari profesional moduan eta 40 urterekin esango dio agur gipuzkoarrak goi-mailako kirolari.
Binaka makina bat partida jokatuak dituen arren, txapelketetan ez du zorte gehiegirik izan. Bere garaipenen zerrendan lehen mailako txapel bakarra ageri da, 1998an Unanuerekin irabazi zuen binakakoa Donostian jokatutako finalean Etxaniz eta Elkoro 22 eta 21 menderatu zituzten. Bi urte geroago, 2000. urtean, finalera iritsi ziren berriz Unanue eta Errasti, baina finalean 22 eta 19 galdu zuten Titin eta Lasaren kontra. Bigarren mailan, Buruz Buruko txapela ere irabazi zuen Jokin Errastik 1991n.
Enpresa bereko beste zenbait pilotari beteranoren antzera, Errastik ez du azkenaldian gehiegi jokatu. Asegarceko datuen arabera, Errastik 27 partida jokatu zituen 14 irabazi eta 13 galdu 2005-2006ko denboraldian, 43 partida 20 irabazi eta 23 galdu 2004-2005ekoan eta 10, berriz 6 irabazi eta 4 galdu, 2003-2004koan.
Errasti 1995eko apirilaren 3an fitxatu zuen Asegarcek aurretik Empresas Unidasen aritu eta gero. 2000. urtetik aurrera lesioekin arazo dezente izan ditu Jokin Errastik eta horrek ere ez dio lagundu azken urteotan joko-mailari eusten. Edonola ere, azken egunera arte partida nagusiak jokatu izanak erakusten du zer neurritako pilotaria izan den azkoitiarra.