GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-11-10
Edorta Arana - UPV/EHUko irakaslea
Tokiko Telebistaz hamaika kontu

Luze jo eta gero, Eusko Jaurlaritzak kaleratu berria du «lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua arautzen» duen dekretua (190/ 2006). Berandu datorren arau honek ez du parez pare lan makala: erabat distortsionatua dagoen gertuko telebista panorama txukuntzen hastea.

Tokiko telebista bat zer den, ala zer beharko lukeen izan, eta inguruan ditugun gehienen arteko aldea hain da handia zeren zaila zaigu hitza eta errealitatea bera ezkontzea. Kasu honetan, izenak ez du izana ekarri.

Ondoko lerroetan, telebistari buruzko dekretu argitaratu berriaren aitzakian, tokikotasunaren esangura, orain arteko «telebista lokalen» ajeak, pertzepzio soziala, arau legalaren aukerak eta arriskuak eta, azkenik, Hamaika ekimena izango dira hizpide, besteak beste.

Egunkariekin gertatzen denaren kontra (egunkarien salmenta eta irakurketa maila oso altua dugu Euskal Herrian, edizio lokalak dituzte eta tokikotasunak pisu handia du beraien edukietan), «telebista lokala» etiketapean ezagutzen ditugun gehienek ez dute gertukotik asko. Aldiz, egunerokoen antzerakoa dugu hainbat herri aldizkari eta irratiren esperientzia: hurbiltasunak sekulako garrantzia du. Beraz, aipatutako irrati eta hedabide idatzi horien eskutik tokikotasunaren merkatua oso betea eta, askoren ustez, saturatua dugu gertuko telebistagintza arautuko duen dekretua plazaratu aurretik ere.

Bestalde, ukaezina zaigu, telebista panoraman, azken urteotan izan den eskaintzaren biderketa sozialki oso estimatua dela. Alegia, nahiago ditugula hogei telebista kanal edukitzea zortzi baino, eta berrehun badira hobe, edukietan berdin-berdinak badira ere. Egungo merkatu-filosofiaren ondorioa ei da, izen desberdineko produktu berberekin gusturago bizi izatea, kanal horietatik zapping egiterakoan aktiboak garela sinistuta-edo. Edozelan ere, aniztasunik gabeko ugaritasun horretan, lekuko telebista gutxi eta, aldiz, Estatu espainiar mailan emititzen duten kanal askoren deskoneksioak ugaritu egin dira, azken hamarkadan bereziki. Telebista frankiziatu modura aritzen diren kanal horiek tokiko merkatua erabat desitxuratu dute, eta zerbitzu publikoaren izaera, gertuko informazioa, komunikazio eta integrazio tresna eta normalkuntza linguistikoaren bidean egon beharko luketen kanalen garapena oztopatu dute.

Urteak joan eta urteak etorri, erakundeek ez dute ardura handirik erakutsi. Beraz, orain dugun egoera konpontzea oso zaila da dekretu onenarekin ere.

Gainera, digitalizazioaren garapena hasi besterik ez da egin eta, dagoeneko, negozio-eremuak definitzen hasiak dira batzuk. Ildo horretatik, emititzen ari diren telebista kanal askok, hiriburuen inguruetakoak, eremu autonomikora (edota estatu mailakora) salto egitea dute benetako helburu, «telebista lokalen» mailan jokatzea eman beharreko trebatze eta merkatu okupatze lana besterik ez da izan. Modu berean, Espainiako hainbat ingurutan presio-talde ekonomikoen (eraikintza alorreko enpresak, banketxeak...) eta mediatikoen (makrotalde erregionalak, publizitate agentziak... ) garapen lanabes izan diren antzera, gurean ere, komunikazio enpresa erraldoien espantsio planetarako pauso bat eta publizitate merkatu lokala okupatzeko tresna izan dira telebista horiek.

Guztiz bestelakoa izan da gertutasuna lan tankera, emisio-eremu eta helburu izan duten tokiko telebisten esperientzia. Gainera, bigarren multzo horretan kokatutakoek euskara izan dute oinarrizko osagarri.

Bidegurutzea

Dagoen anabasa zelanbait arautu ala tokiko telebistaren oinarriak izan behar liratekeenak jartzen hastea da Jaurlaritzak izan duen erronka. Dekretuak optimista izateko aukerak eskaintzen dituen proportzio berean kezkarako ateak zabaltzen ditu. 2005eko udazkenean atera zuen aurreproiektuak zituen sakoneko arazo berberei erantzun beharra du oraingo dekretuak, honetan hainbat hobekuntza eta aldaketa garrantzitsu sartu dituela jakinik ere.

Orduko hark urte luzez merkatu-legepean eta helburu sozialik gabe garatu zen telebistagintzari «pasea» ematen zion, tokikotasunaren definizioa estu hartuz eta normalkuntza lin- guistikoaren eta hezkuntza sistemarekin bat egin beharra partzialki bakarrik onartuz. Ikuspegi mugatuegia zuen zirriborro hark gradu batzuk zabaldu ditu eta horrek dekretuari bestelako potentzial batzuk agertarazten dizkio. Zegoena legeztatzeko eta onargarritzat emateko baino gehiagorako ba- lioko duela espero dugu, lehen aipatutako telebista frankiziatuek erakusten duten patxada kezkagarria iruditzen zaigun arren. Katean aritu izanak diren horietan, hasiak dira, lasai asko, dekretuak markatzen dituen joko-arauak nola baliatuko dituzten aztertzen. Urduritasunik gabe. Guztiz bestelakoa da tokian tokiko telebisten jarrera, beraien diru, ekipamendu eta bestelako baliabide eskasekin dekretuak markatutako mugetan nola arituko diren planifikatzen ari baitira. Betiere, euskararen kasuan esaterako, arauak nola bete baino, egungo egoera linguistiko desorekatuan aurrerapauso gehiago nola eman daitezkeen pentsatzen.

Dekretu gisa kaleratu denak lehengo zirriborroak baino aukera gehiago eskaintzen dituela, sarean aritzeko bidea erraztu, euskararentzako gutxiengoak jaso eta zerbitzu publikoaren ikuspegia nabarmendu egiten duela ezin da bazterrean laga. Baina, urteetako atrofia konpontzeko aukerak dekretuaren eta ondorengo pleguaren aplikazio egokian daude. Merezi dugun telebistaren mailakoak izan daitezela opa diegu.

Bien bitartean, pozgarria da, oso, Hamaika proiektuaren sorrera. Eremu desberdinetatik, baina gabezia estrukturalak dituen mapa mediatikoan indar-metaketa beharrezkoa dela jakitun, euskarazko tokiko telebistak sortzeko enpresa jaio da. Lan handia du aurretik eskualdeka antolaturiko emisio-eremu guztietan egoteko, bereziki hiriburuetan eta populazio handikoenetan, dagoeneko lanean ari diren tokiko telebistekin bat eginik eskaintza erakargarri bat eraikitzeko eta, nola ez, herri honek beharrezkoa duen berezko egitura mediatikoan zutabe sendoak jartzeko.

Dekretuak eta haren ondotik etorriko diren telebista kanalak tokikoak izango diren ala ez ikusteko dagoen bitartean, euskarazko emisioei jarritako indizea (elebiduna: ikus-entzunezko hedabidea ulertzeko moduko hartzailea) eta hizkuntza horretan arituko direnen arteko sarea (emisio sindikatua ahalbidetzen duena) beharrezkoak dira, baina baita ere, dekretuak berak markatzen dituenak betetzearen jarraipena egingo duen erakundea sortzea. Horretan, beti pentsa izan dugu ikus-entzunezkoen legea oso beharrezkoa dela eta Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren sorrera ezin dela atzeratu.

Etorkizunean gogoa jarrita, hamarkada bat nahikoa izango da tokiko telebistagintza arautuko duen dekretuaren alde onek irekitzen dituzten ateak argi berria sartzen utziko duten ala aukera galduen zokoan pilatuko den. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Al Fatah eta Hamasen arteko harremanak hobera, palestinarren amorruaren eraginez
Mundua
La corrupción, otro factor decisivo en la debacle de los republicanos en EEUU
Jendartea
Se mantienen las grandes desigualdades en el mundo
Kirolak
Mantiene la tradición entre una plaga de lesiones
Euskal Herria
Batasuna no desea que el proceso de solución sea «ni largo ni duro»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss