Xabier Izaga
Prozesua, egon eta joan
Prozesua hor dago, egon. Beraz, lasai egon gintezke. Barkatu: lasai egon al gintezke? Ni egia esan, urduritu egiten naiz bi hitzok batera ikusita, prozesu eta egon. Izan ere, prozesuak prozesu izatekotan dinamikoa behar du izan. Egonean prozesu izaera galtzen du. Nola mugiarazi, baina? Hori politikarien kontua da eta. Barkatu atzera berriro: hori politikarien kontua al da? Urrunago gabe, biharko manifestazio batera deitu dute Bilbon prozesuari bultzada emateko, autodeterminazio eskubidea aldarri eginda. Ezker abertzalearen eskakizuna omen. Hala esan zuen lehengoan Patxi Lopezek. Tranpa nabarmena, baina bere buruari jarritako tranpa, argudio argia eskaini baitzuen. Zer da adostasunerako gai? Indarreko legalitateak onartzen duena baino ez? Hori, indarreko markoa, PSEren eta PPren eskakizuna da... barkatu hirugarrenez: inposizioa. Marko horrek beste aukera batzuk ukatzen ditu eta. Erabakitzeko eskubideak, aldiz, aukera guztiak biltzen ditu, behar ditu, Patxi Lopezena barne, eta are euskal lurraldeentzako autogobernurik txikiena ere ezabatu nahi lukeena. Prozesuak abiada har dezan sentsibilitate guztiak bildu behar dira. Ez independentzia eta sozialismoa hori da ezker abertzalearen eta ez besteren aldarrikapena nahi dituztenak bakarrik, baina ezta egungo markoa aldarrikatzen dituztenak bakarrik ere. Demokraziaren premisarik oinarrizkoena baino ez da. Ezker abertzalea ez den beste edonork biharkoaren antzeko ekimen batera deituko balu, berdin-berdin prozesua mugiarazteko aukera izango litzateke. Eta oinarrizko eskubide demokratikoak aldarrikatzera eragile guztiek batera deituko balute... Politikarien kontua da ala herritarrok ere badugu zer esana? Ez al da herri gisa jokatzen hasteko garaia? Prozesua luze eta gogorra izango zela esan zuen Rodriguez Zapaterok. Eragile guztiak bat zetozen hitz horiekin. Gogorra norentzat, ordea? Bake eta normalizazioari eusteko borondatea badago, logikoa da, eta eskarmentuak halaxe erakutsi izan du, guztien sufrimendua, ahal den neurrian behintzat, saihestea. Alde batekoek aspaldian heldu zioten sufrimendua gutxitzeko dinamikari. Bestekoek sufrimendua eragiteko dinamikarekin jarraitu eta zenbait arlotan areagotu egin dute. Alde bakoitzaren jokaerak bere apustuaren benetakotasunaren tamaina adierazten du. -
|