GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-11-10
Xabier PEREZ SUSPERREGI | Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko partaidea
«Goiz edo berant, Estatu frantsesak iheslarion izaera politikoa onartu beharko du»

Igandean Hazparnen izango den Elkartasun Egunaren karietara, Iheslari Politi- koen Kolektiboak egungo egoeraren eta, bereziki, Estatu frantsesaren jarrerari buruz egindako azterketa eskaini dio Perez Susperregik GARAri.

­Elkartasun Egun hau testuinguru berezian egingo dela diozue. Nola ikusten du zuen Kolektiboak gatazka konpontzeko abiatu nahi den prozesua?

Lehenik eta behin testuinguru berezira nola ailegatu garen gogoratzea nahitaezkoa da aurrera begirako urratsak kokatzeko. Hona iritsi baldin bagara ez da izan azken hamarkadetako sasi-irtenbide eta autonomismo hutsalaren bidetik baizik eta ezker abertzaleak urratsez urrats egindako borrokarengatik eta gizartearen aldaketa grinagatik. Aukeraz beteriko mementoan bizi gara, baina arrisku handiak ere baditugu gainean, batez ere, PSOEk eta PNVk, betiko inertziak jarraituz, apaindurak egin eta ezer konpondu gabe, berriro ere iruzur autonomikoa egin dezaketelako. Baina orain arte baliatu izan duguna honaino ailegatzeko, hau da, jendearen inplikazioa eta, batez ere, ezker abertzalearen oinarri sozialaren mobilizazioa, prozesu honetan aurrera egitea ahalbidetuko digun elementuak izango dira.

­Hainbat agintari eta ordezkari politikok diotenez, ordea, Estatu frantsesak ez du gatazkan zerikusi zuzenik eta garaia heltzen denean, soilik presoen egoeraz mintzatu beharko da.

Badirudi hemen askorentzat ez dela ezer aldatzen. Mementoz ezker abertzalea izan da urratsak egin dituen bakarra. Hainbat alderdi bezala, Estatu frantsesa ere interes propioei begira ari da eta handiena ukatzen du: ez dagoela gatazkarik Estatu frantsesean. Horrekin begi-bistakoa dena ukatu nahi du, adierazle ugari baitago kontrakoa frogatzeko, esaterako, gure Kolektiboaren existentzia bera. Batzuk Ipar Euskal Herrian gaude, batzuk badira Estatu frantsesean eta munduan zehar ere bizi direnak eta hedapen horretan Estatu frantsesak zerikusi zuzena izan du. Eta zer esanik ez iheslariok jasaten dugun jazarpenean, atxiloketetan, deportazio, estradizio, entrega eta asignazioetan. Azken adibidetzat hor ditugu Jon Bienzobasen aldi bateko entrega, eta dirudienez hurrengo egunetan gauzatuko den Fernando Berten kanporatzea. Nola uka dezake parte ez dela, elementu bakar bat estrapolatzearekin, gure Kolektiboarena alegia, argi ikusten denean goitik behera inplikatua dagoela? Estatu frantsesa zikinduta dago erabat eta hori eragile zuzena delako eta gatazka honetan erantzukizun zuzena duelako da.

­Iheslarien izaera politikoa onartzeko eskatzen duzue, baina baita Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea onartzeko ere. Hainbat iheslari, EHNA eskuetan, beren jaioterrira itzuli dira. Hori al da aldarrikapen hori gauzatzeko modu bat?

Gure ildoaren barnean dauden bi elementu dira. Bata Estatu frantsesak (eta espainolak ere bai, noski), goiz edo berant, gure kolektiboaren jatorri politikoaren onartu beharko du, hori lagungarri izango delako gatazka konpontzeko, gatazkaren ondorio eta parte izanik, ezinbestekoa baita gure Kolektiboak bertan parte hartzea eta hori molde batean edo bestean bete beharko da, Estatu frantsesari dagokionez ere bai.

Bestea Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidearen defentsa praktikoa egiteko unean egindako hautua da. Gure ustez, Euskal Herriak ez dizkio inori bere eskubideak eskatu behar, egikaritu egin behar ditu eta estatu frantsesak eta espainolak hori horrela dela onartu behar dute. Hala, Alternatiba Demokratikoaren karietara, nazio eraikuntzaren ikuspegitik Iheslarien Kolektiboak orain dela hamaika urte hautu bat egin zuen: Euskal Herrian bizitzeko eskubidearen defentsa praktikoa egitea, eta molde intsumiso batean garatzea. Bere garaian azaldu genuen bezala, asignazioa eta deportazioa apurtzea izan ziren lehen urratsak eta, ildo berean, EHNAren bitartekoa baliatuta, zazpi lurraldetan bizitzea izan da hautu haren jarraipen logikoa.

­Estatu frantsesean dauden iheslariez hitz egiten da batez ere. Oro har, gizarteak oso gutxi daki iheslarien egoeraz...

Iheslarien egoera askotarikoa da oso. Bagaude, intsumisio jarrera oinarri hartuta, Euskal Herrian bizi garenok, kasu honetan Ipar Euskal Herriko lurraldeetan. Baina bi estatuek errepresioa era desberdinetan egikaritzen dutenez, egoerak ere arrunt desberdinak dira. Badira munduan zehar sakabanatuta daudenak eta deportazioa jasaten dutenak, baita jazarpenaren ondorioz, ezkutuan dagoen multzo zabal bat ere.

­Zer mezu helarazi nahi duzue aurtengo Elkartasun Egunean?

Alde batetik, Estatu frantsesa interpelatu nahi dugu, itsuarena egiteari utzi eta, euskal herritarren eskubideak onartuz, gatazkan dituen ardurei aurre egin diezaiola esateko. Beste aldetik, urteetan adierazitako elkartasunak aurrera egin dezan berebizikoa dela eta, egun batean Euskal Herria herri libre bezala ezagutu nahi badugu, konponbidean inplikatzera dei egingo diogu gizarteari. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Al Fatah eta Hamasen arteko harremanak hobera, palestinarren amorruaren eraginez
Mundua
La corrupción, otro factor decisivo en la debacle de los republicanos en EEUU
Jendartea
Se mantienen las grandes desigualdades en el mundo
Kirolak
Mantiene la tradición entre una plaga de lesiones
Euskal Herria
Batasuna no desea que el proceso de solución sea «ni largo ni duro»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss