DONOSTIA
Joxemari Olasagastik deia egina zion Mindegiari atzo arratsalderako Donostiako jatetxe batean, eta hantxe agertu ziren bi aizkolariak, baina ez zuten akordiorik lortu, eta oraingoz, ez dute apusturik jokatuko.Lehenengo desafioa Mindegiak bota zuen. Ezkurrako aizkolaria edozeinen aurka hogei kana-erdikotara jokatzeko prest agertu zen, Larretxea eta Nazabalen aurka izan ezik. Gehienek Olasagastiri zuzendutako desafioa zela ulertu zuten. Nafarra abenduaren erdialdera hogei kana-erdikotara eta 12.000 euro dirutan jokatzeko prest zegoen.
Inor ez zitzaion agertu. Olasagastik aurretik iragarria zuen ez zela joango Mindegiaren deira, eta horrela izan zen. Ez Olasagasti ez eta beste inor ere ez zen agertu.
Ondoren etorri zen Olasagastiren deia. Igeldokoak 30 kana-erdikotara jokatzeko deia luzatu zion. Errege eguna zen apustua jokatzeko egunik aproposena gipuzkoarraren ustez, eta 30 kana-erdikotara jokatzeko gertu zegoela iragarri zuen. 36.000 euro dirutan eta sarreretan ateratakoa ere irabazlearentzat izango zen.
Atzorako egin zuen deia Igeldokoak, eta Mindegiak berehala esan zuen hitz egitera joango zela. Ordu pare bateko bileraren ostean, ordea, ez zen apusturik atera. Arazorik handiena diruan egon zen. Mindegiak hasieran 12.000 euro jokatu nahi zituen dirutan, baina Olasagastik berean jarraitzen zuen. Nafarra 18.000 euro bitarte joan zen, baina hor ere ez zen akordiorik egon, eta azkenean diruaren arazoa izan zen handiena.
Datarekin ere ez ziren ados jarri. Mindegiak berak botatako desafioan zioen bezalaxe, abenduaren erdian jokatu nahiko luke apustua, baina Olasagatik ezetz esan zion, nahiz eta dirudienez, diruarekin ados jarri balira, hitzartu zitekeen zerbait zen datarena. Enborrekin, berriz, ez zen arazorik egon.
Hala ere, Mindegiak ez du etsi, eta datorren astelehenerako egin zion deia Olasagastiri. Ezkurrakoa Tolosako Kantabrikon egongo da 13.00etatik aurrera, Olasagastirekin hitz egiten jarraitzeko asmotan.