- Aizkora
Munduko aizkolaririk onenak Euskal Herrian ikusteko modua izango da
·Euskaldunez gain, beste sei herrialdetakoak ere hemen izango dira
DONOSTIA
Munduko Aizkolarien Txapelketa horrela deitu dio Egur Sport enpresak antolatu duen nazioarteko lehiaketari jokatuko dute datozen egunetan. Euskal Herria, Estatu frantsesa, Suitza, Australia, Zeelanda Berria, Kanada eta Ameriketako Estatu Batuak izango dira lehiaketan. Aurten, ordea, lehiaketa ez da selekzio moduan antolatuta egongo, bakarkako saioak izango dira-eta.Helduen mailakoak eta 23 urtez azpiko aizkolariak neurtuko dira. Helduetan, Euskal Herriko onenak izango dira bertan, Nazabal, Olasagasti, Mindegia, Arrospide edo Larretxea aizkolariak lehiaketa honetan izango dira-eta. Kanpotik, berriz, honako hauek etorriko dira: O’Tole, Koofey eta Rees (Australia); Jordan (Zeelanda Berria); Bischoff (Kanada); Waterfield (Kanada) eta Mouly eta Scherley (Suitza). Estatu frantseseko ordezkari bat ere izango da, baina oraindik zehaztu gabe dago nor izango den aizkolaria. 23 urtez azpikoen finalerdia eta finala Urdulizen jokatuko dituzte bihar bertan. 17.00etan jokatuko dituzte finalerdiak, eta finala, berriz, hiru ordu geroago hasiko da. Helduen mailan, berriz, hiru finalerdi eta finala jokatuko dituzte. Hilaren 18an Lekunberrin jokatuko duten lehen finalerdia 17.00etan izango da, eta bigarrena, berriz, 20.00etan. Hirugarren eta azkeneko finalerdia Legutianon izango da azaroaren 19an, 12.00etan hasita. Finala, berriz, Azpeitian jokatuko dute azaroaren 25ean. Bi ekinaldi izango ditu azken saioak. Lehenengoa 17.00etan hasiko da, eta bestea 23.00etan. Txapelketa honek 80.000 euroko aurrekontua dauka. Atzerritik datozen aizkolariak hemen egongo dira hogei egunez, eta zati handi bat haiengana joango da. Izan ere, otorduak eta lo egiteko lekua ordaintzeaz gain, egun horietan soldata ere ordaindu beharko diete.
Hutsegite gutxi
Luixmari Bengoa Egur Sport enpresako arduradunak esan zuenez, ia-ia nahi zituzten aizkolari guztiak datoz. «Bik huts egin digute.Bata Zeelanda Berriko txapelduna izan da. Azkenean ezin izan du etorri. Herrialde horretatik bakarra dator, baina bera gazteen txapelduna da. Faltako den bestea Ameriketako Estatu Batuetako txapelduna izango da. Min hartuta dago, eta bere ordez bigarrena dator. Australiatik hiru onenak etorriko dira. Suitzatik ere gazteetan dauden bi onenak, eta Kanadakoa ere onena etorriko da. Estatu frantsesetik oraindik ez dakigu zein etorriko den. Bera finalean izango da, eta oraindik erabakitzeko badugu tartea», esan zuen.Txapelketa honetan aizkolariek egin beharko duten lana Txapeldunen Ligan egindako bera izango da. Hasteko, kana-erdikoa zutik moztu beharko dute.Gero, kolpeka, 45 ontzakoa, baina etzanda jarrita. Hirugarren lanean, erlojuz kontra 45 ontzakoa moztu beharko dute etzanda. Laugarrenean, 60 ontzakoa izango dute etzanda aurrez aurre. Bosgarrengoan, 45 ontzako bat zutik, eta bestea etzanda moztu beharko dituzte, bata bestearen atzetik. Azkenik, lau kana-erdiko moztu beharko dituzte. Pagoaren enborrak izango dituzte lanerako. Txapelketa honetako beste berritasuna Floren Nazabal izango da. Etxarriko aizkolaria gerriko arazoekin egon da, eta ezin izan ditu jokatu ez Euskal Herriko finala, ez Nafarroakoa, baina jadanik osatu da, eta igandean bertan agertuko da Tolosan, bertan jokatuko baitute Munduko Aizkolaririk Azkarrenaren Txapelketa.
Abiadura proba
Etzi, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 12.00etan hasita, Munduko Aizkolaririk Azkarrenaren Txapelketa jokatuko dute. Bertan egur batera neurtuko dira aizkolariak, eta kana-erdikoa izango dute aurrez aurre.Sekulako aizkolari pila izango da bertan. Munduko Txapelketa honetan izango diren guztiak arituko dira Tolosan, Estatu frantsesekoa izan ezik, baina Estatu espainoletik ere aizkolari ugari etorriko dira. Madrildik, Segoviatik, Soriatik eta Asturiastik ere etorriko dira. EuskalHerriko aizkolari gehienak izango dira lehiaketan. Iaz Mindegiak irabazi zuen txapela, finalean Senosiain mendean hartuta. Aurten ere Ezkurrako aizkolari beteranoa asmo berarekin joango da. Hala ere, kontuan hartu beharko dira atzerritik datozen aizkolariak ere, izan ere, horiek oso trebeak izaten baitira enbor bat mozten. Euskal Herritik, ordea, ez dira Mindegia eta Senosiain I.a bakarrik izango, Olasagasti, Nazabal, Larretxea, Peñagarikano edo Txapartegi ere bertan izango baitira.
Gazteek emango diote hasiera
J.L. DONOSTIA Munduko Aizkolarien Txapelketa bihar bertan jarriko da abian, baina 23 urtez azpiko aizkolariek emango diote hasiera. Urdulizen jokatuko da, eta bertan izango dira finalerdiak, baita finala ere. 17.00etatik aurrera izango dira finalerdiak, eta hiru ordu geroago abiatuko da finala. Euskal Herriko bost ordezkari izango dira gaur: Rekondo, Atutxa II.a, Xabier Mindegia, Mugertza II.a eta Amillano. Estatu espainoletik, Rodriguez segoviarra izango da lanean. Zeelanda Berritik, Jordan arituko da aizkorarekin, herrialde horretako gazteen txapelduna. Australiatik, aldiz, Rees arituko da, eta Suitzatik, azkenik, Moulin eta Scherley neurtuko dira. Aizkolariek lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta punturik gehien batzen dituen aizkolariak irabaziko du. Faboritoei dagokienez, Atutxa II.a, Mugertza II.a eta Rekondo izango dira. Kanpotik ere, maila onekoak datoz, eta oso kontuan hartu beharko dira, haientzat lan egokiak izango baitira lehiaketa honetan, Zeelanda Berrikoa eta Suitzakoak herrialdeko txapeldunak dira-eta.
|