Joxe Azurmendik «Espainiaren arimaz» kaleratu du, trilogia baten azken partea
Elkarren eskutik kaleratu berri du Joxe Azurmendik «Espainiaren arimaz» liburua. «Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua» zein «Volksgeist-Herri Gogoa» lanekin batera osatu du zegamarrak trilogia, aurreko bi horiek oraindik argitaratu ez diren arren. Intelektual espainolek urte luzez beren herriaz egindako gogoetak aztertu ditu oraingoan.
DONOSTIA
Azken berrehun urteotan intelektual espainolek beren herriaz egindako gogoeten azterketan oinarritzen da “Espainiaren arimaz” lan berria; «izaera akademikoa izan arren, polemikari ere ihes egiten ez diona», editorearen ustez.«Hau ere idatzi ez nuen liburu bat da: alde guztietatik txatalak, notak, fotokopiak... material asko eta denbora gutxi». Esaldi horrekin hasten du Joxe Azurmendik liburua. Aurkezpena egin zuten atzo Donostian, eta Xabier Mendiguren editorea alboan zuela azaldu zuen «hasieran kapitulu bat soilik» egin nahi zuela; «baina gero esan zuen ikusi nuen ‘monstruosoa’ aterako zela kapitulua, eta hemen dago liburua». Filosofiako irakasle katedraduna EHUn, Jakin taldeko kide eta euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileenetako bat ere bada Azurmendi. Trilogia moduko baten azken partea da o-rain plazaratu duena, «atzetik aurrera» publikatzen hasiko den arren. “Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua” izan zen estreinako lana. Atzo adierazi zuenez, alemaniar hura «hizkuntzak munduaren ikuskera bat errepresentatzen du» tesiagatik ezagutzen da: «Herri baten mundu ikuskera errepresentatzen du, eta horregatik da herri baten espiritua hizkuntza». Bigarrenean, aldiz, “Volksgeist-Herri Gogoa” izenburupean «herriaren espirituaren kontzeptua» nola sortu den aztertu zuen, Europan, eta, batik bat, Alemaniako tradizioari dagokionean. Eta, horiek hala, hirugarren honek zera bilatu du: «Volksgeist tradizio hori autore espainolek nola ulertu edo gaizki ulertu duten aztertzea». Alegia, «Espainia modernoarekin» hasten du azterketa; espainolek Independentziako Gerra deitu dutenarekin eta liberalismo eta antiliberalismoarekin XIX. mendean. Hala, Estatu espainolean beren izaeraz pentsatzen eta idazten aritu diren Menendez Pelayo, Menendez Pidal, Unamuno, batez ere Ortega y Gasset, edo falangeko Gimenez Caballero autoreen gainean aritu da. «Liburuak erakutsi nahi du euskal nazionalismo inkultoaren burla egiteko ailegatzen den ezaugarri asko eta asko nazionalismo espainol oso kultoaren ezaugarriak direla», laburbildu zuen.
«Kontzeptu esentzialista, eta arrazista»
I.A. DONOSTIA Arima, jeinua, espiritua, arraza... termino horiek ezberdinak izan beharko lukete Azurmendiren ustez; «baina Espainian nahastu egin izan dira Herder, Humboldt, Hegel, beti aipatzen diren horiek, ez zituztelako tutik ezagutzen. Espainiak badu jeinu edo espiritu eternal bat, arima bat, eta hori arrazaren arima da; arrazaren arima horrek bere bertuteak eta ajeak dauzka, beti berak... XIX. eta XX. mendeetako Espainiaren historialari eta gogoetalarien Espainiaren kontzeptua esentzialista da, (Juan Pablo) Fusik esan duen bezala; eta askotan, agian gehienetan, arrazista da, Fusik esan ez duen bezala», zehaztu zuen. Mendigurenek «diferentziak onartu eta estimatuko dituen espainiartasunik» posible ikusten ote duen galdetuta, berak argi du: «Kontzeptualki posible, bai; politikoki, ez. Agian noizbait posible izango da etorkizunean, baina nire bistak ez du alkantzatzen hain urruti». Hispanitateaz gogoeta egin eta goratu dutenen artean euskal herritarrak gutxi direlako ere, zera dio: «Txikiak garenez, euskaldun askorentzat ezer ez dago handiagorik, handiaren morroi izatea baino».
|