«Bertsotranpak», bi munstro parez pare agertokian
Osagarri guztiz tradizionalak erabiltzen ditu egituran: desafioa, esate baterako. Baina saio erabat esperimentala da, antzerkia eta bertsoa parez pare jartzen dituelako. Ander Lipusek hainbat pertsonaia inprobisatzen ditu, eta horiek gaiak jarri ahala egiten dute bertsotan Egañak eta Paia anaiek.
DONOSTIA
Aitor Agiriano Antzerkiola Imaginarioaren musika arduraduna da. Ander Lipus antzerki talde horren zuzendaria eta Andoni Egaña bertsolari txapelduna. Kredentzial horiekin zaila da ikuskizun arrunt bat ateratzea eta herenegun Donostian egin zuten aurkezpenean garbi ikusi zen erabat esperimentala eta berezia izango dela. Ezaguna da Andoni Egañak arriskuari dion atxikimendua, eta proposamenaren berri jakin bezain azkar iruditu omen zitzaion tentagarria. «Bertsolaria kolokan jartzen du eta ez dago betsolari batentzat hori baino egoera hoberik», esan zuen. Desafio baten gainean eraikitzen da ikuskizuna: Andoni Egaña eta bere «anaia Euxebio» bertsotan lehiatzen dira Paia anaien kontra. Gaijartzaileak Ander Lipusek jartzen ditu agertokian. Baina, hala ere, ikuskizunaren interesgune nagusia bi munstroren arteko lehia bera izan daiteke, Ander Lipusen eta Andoni Egañaren artekoa, alegia. «‘Bertsotranpak’ bakoitza testu dramatiko bat idaztea bezala da. Saioa baino astebete lehenago egitura guztia asmatu eta eraikitzen dut, eta egitura horren arabera sartzen ditut gaijartzaileak», esan zuen gazteagoa zela bertsotan ibili eta orain aktore saritua den Ander Lipusek. «Gaijartzaile horiek jartzen dizkiguten gaiak beti ezberdinak dira. Bertsolaria beti dago inprobisatzen. Beti ari gara gidoi dramatiko ezberdin baten arabera bertsotan, eta esan behar dut lan hori Ander Lipusek egiten duela. Gu ezin gara horretan sartu, bestela gaiak geure buruari jarriko genizkioke», erantzun zion Andoni Egañak. Lauzpabost saio eginak dituzte dagoeneko entseiukarrean, eta, Andonik esan zuenez, antzerki munduko jende asko etorri da saioetara. «Bi arloentzat da beraz ona, antzerkizaleak bertsolariak entzuten dituelako eta bertsozaleek antzerkia ikusten dutelako», esan zuen Egañak. Ikuskizunaren fitxa teknikoan badira beste zenbait berezitasun deigarri:hiru ordu luze irauten du, esate baterako, “Bertsotranpak”. Lanku da ikuskizuna kudeatuko duena. Dagoeneko bi data finko badituzte: hilaren 30ean Erandion izango dira eta santomasetan Donostiako Antzoki Zaharrean.
Musika, antzerkia eta bertsoa eskua emanda
J.A. DONOSTIA Fredi Payak agertu zuenez, ikuskizunaren xede nagusia antzerkiaren, musikaren eta bertsoaren arteko oreka da. «Beti gai berak errepikatuko balira, aspertu egingo ginateke bertsolariok. Saio bakoitzeko gaiak erabat aldatzen dira, Lipusek antzezten dituen pertsonaiak ere aldatu egiten direlako», esan zuen Fredik. Hizkuntzari dagokionez, ingelesa sartzen dute zertxobait. «Zati bat ingelesez egiten dugu, Belfasteko gaijartzaile bati erantzunez», eta Andonik ingelesez ezer jakin gabe ere ulertu eta erantzun egiten omen dio. «Lipusek antzerkiaz gainera bertsoa ezagutzen du, eta oso urrutira eramaten gaitu», esan zuen.
|