AHT «izoztu» eta Udalbiltzaren alde egiteko exijitu du Ezker Abertzaleak
Lakuak aurkeztutako aurrekontuak «kontinuista» jo arren, akordio bat lortzeko borondatea erakutsi du Ezker Abertzalea taldeak. Horretarako lau baldintza mahaigaineratu ditu: garraio sistemaren inguruko eztabaida sustatzea, euskarak eta Euskal Herriko institu- zioek lehentasunezko trataera edukitzea eta etxebizitza eskubidea bermatzeko aurrekontu sendoa aurkeztea. Datozen asteetan eragile sozialekin bilerak egingo dituztela esan dute.
GASTEIZ
Gasteizko Gobernuak nazio eraikuntzaren aldeko ahaleginik egin ez duela salatzearekin batera, Lakuak aurkeztutako aurrekontuak «kontinuista» jo ditu Ezker Abertzalea legebiltzarreko taldeak. Hala eta guztiz ere, aurrekontuen gainean akordioa lortzeko borondatea duela adierazi du taldeak, eta baldintzak mahai gainean jarri ditu, atzo Julian Martinezek eta Itziar Basterrikak jakitera eman zutenaren arabera.Lehenik eta behin, garraio sistemaren inguruko eztabaida soziala egiteko diru kopuru egokia ezartzeko eskaera egin du Ezker Abertzaleak, eta eztabaidak dirauen bitartean AHTri ematen zaion kopurua izozteko exijitu du. Bigarren eskaera, aldiz, euskararen normalkuntza aurrekontuetan lehentasunez tratatzea da. Euskal Herriko instituzioak ere lehentasunez tratatzeko exijitu du. Azkenik, etxebizitza eskubidea bermatzeko aurrekontu sendoa eskatu, eta horretarako behar diren bitarteko guztiak eskaintzeko galdegin du Ezker Abertzaleak. Euskal gizartea aurrekontuen eztabaidan subjektu aktiboa izan dadin, erronda informatiboa abiatuko duela ere jakitera eman du. Beste talde parlamentarioekin biltzeaz gain, hainbat eragile sozialekin bilerak egingo dituela esan du Ezker Abertzaleak, eta, negoziazioak ahalik eta «gardenenak» izan dai- tezen, guztiaren berri emateko konpromisoa berretsi du. Beste alde batetik, ezker abertzalearen legebiltzarreko taldeak gogor salatu du aurrekontuen eztabaidan Lakuak gastu fiskalaren inguruan egiten duen «iruzurra». Taldeak kritikatu du aurrekontuen eztabaidan gastu fiskalaren gainean ez dela hitz egin. Aurten, gastu fiskala aurrekontuen herena baino gehiago izango dela salatu du, eta «gastu soziala baino handiagoa» izango dela gaineratu. Talde parlamentarioaren aburuz, aurrekontuen eztabaida «partziala» da. Azaldu dutenez, gastuen eta sarreren gaineko eztabaida osoa egin ordez, gastuen gainekoa egiten da soilik. Hala, gizartearen beharrei erantzun integrala ematea «ezinezkoa» dela esan du talde abertzaleak.
|