Oiartzungo Udala ikastola handitzeko trabak jartzen ari dela salatu dute
Oiartzungo Haurtzaro ikastolaren eraikina txiki geratu da. Handitzeko beharra dauka, eta horixe jakinarazi diote Udalari behin eta berriz. Hartara, Hiri Plangintzarako Ordezko Arauen Errebisioan premia hori kontuan izateko eta ikastola ondoko lur eremua eraikin berri batentzat kalifikatzeko eskatu diote Udalari prozedura hasi zenetik. Kilometroak jaiak ere helburu zuen eraikin berriarentzako dirua biltzea. Oraindik, ordea, Udalak ez ditu etxeko lanak egin.
OIARTZUN
Oiartzungo Udala EAk dauka alkatetza Hiri Plangintzarako Ordezko Arauen Errebisioan sartuta dago buru-belarri. Pauso garrantzitsuak eman ditu dagoeneko prozeduran, eta Haurtzaro Ikastolako arduradunen artean egonezin handia sorrarazi du Udalaren jarrerak. Izan ere, azken urte eta erdian ikastolako ordezkariak prozesuaren gain-gainean egon diren arren, beren beharrak, eskaerak eta alegazioak ez dituztela kontuan hartu salatu dute.«Aspaldidanik daki Udalak leku beharrean gaudela. Lur eremu faltagatik, azken urteotan ahalik eta espazio gehien egokitzen joan gara gelak egiteko. Horregatik, Hiri Plangintzarako Ordezko Arauen Errebisioa hasi zenetik gainean egon gara, eta behin eta berriz jakinarazi diogu Udalari eta hainbat bidetatik ikastolak eraikin berri bat egiteko lurra behar duela», jakinarazi du ikastolako zuzendari Sorkunde Lekuonak. Azkenekoz joan den urriaren 1ean, Kilometroak 06 jaiaren egunean jakinarazi zion ikastolak Udalari egoera. Are gehiago, Kilometroak jaian bildutako dirua eraikin berri horretara bideratzeko asmoa garbi adierazi dute Haurtzaro ikastolakoek beti. «Kilometroetan Udaleko ordezkariak ondoan izan genituen. Babesa ondo dago, baina helburuak betetzen lagundu behar digute, lurrik gabe ez dagoelako eraikin berririk», gaineratu du Lekuonak.
Trabaz betetako bidea
Urte eta erdi baino gehiago daramate ikastolako arduradunek arau subsidiarioak berritzeko prozeduraren gainean. «Urte hasieran erronda bat egin genuen Udalean dauden alderdiekin, eta hitz politak izan ziren nagusi, baita EA alderditik ere», agertu du zuzendariak. Hala ere, Udalarekin harremanetan jartzea ez dela erraza izan esan du: «Izan diren bilerak guk eskatu ditugulako egin dira, eta ondo kostata gainera. Askotan esan diogu alkateari ez genuela prozeduraren berri prentsaren bidez jaso nahi, eta, tamalez, hala izan da. Ez daukagu erantzun ofizialik, baina badakigu ez dutela egin eskatutako lurraren kalifikazioa». Datozen asteetan izango da dokumentua behin betiko onartzeko osoko bilkura. Haurtzaro ikastolakoek bilera eskatu dute EArekin, eta horren zain daude. «Gure eskaera ez da kapritxoa, premiazkoa da», gaineratu du Sorkunde Lekuonak.
|