GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-01
Itsasoko jendearen izaera eta historia jaso ditu Uribek «Portukoplak» lanean
«Nola egingo dut liburua irakurgai, bertan entzuteko diren hitzak jarrita?», galdetu zion bere buruari Kirmen Uribek. Horretarako dohaina du poeta gazteak, eta horixe bera da, eta gehiago, Elkarren eskutik kaleratu berri duen «Portukoplak» itsas poema eta ahozko kanten sorta. Ondarroako Udalak antolaturiko bekara aurkeztu zen, eta eman egin zioten. «Itsasoarekin loturiko kantak jasotzeko gogoa zegoen ­esan zuen­. Txikitan entzuten nituen horiek jaso eta irakurketara ekarri ditut».

GASTEIZ

Kirmen Uribek iraganera egin du bidaia azken lanarekin, “Portukoplak”ekin. Arrantzale familiako umea da poeta ondarroarra. «Literatura hurbildu ninduten kantez gogoratu naiz ­aitortu zuen atzo idazleak­. Amonak kantatzen zituen horiekin harrituta geratzen bainintzen. Zer esaten dute hitz horiek? Zer mundu zahar azaltzen dute?». Txikitan entzuten zituen poemak eta tradiziozko kantak batu eta irakurketa literarioa egin du oraingoan Kirmenek.

Hortaz, eta idazleak berak nabarmendu zuen legez, liburua itsas kantak baino gehiago da. «Kantez gain, oroitzapenak, ipuinak, antropologia kontuak, eta beste daude. Itsasoarekin loturiko mundua jaso dut hauen guztien bitartez, eta paperera ekarri dut. Azken finean, kantek hori bera egiten dute; alegia, mundu bat azaldu, eta nik geurera ekarri nahi izan dut».

Haritik tira egin du Kirmen Uribek, eta itsasgizon eta emakumeen bizimodua islatu du “Portukoplak” argitalpenean. «Gai asko lotzen dira kanta hauetan, eta horien bitartez nola bizitzen ziren edota nola sentitzen ziren islatzen da». Hala nola, estropaden inguruko hainbat anekdota bildu ditu Uribek; baleen kantak ere agertzen dira. «Kanta batzuek arpoia nola bota eta baleak nola harrapatzen zituzten kontatzen dute», azaldu zuen. Bertan ere, beste batzuen artean, “Boga boga” kanta ezaguna dago, eta hainbat gorabehera agertzen du. «Zenbait pasartetan umorea ere sartu nahi izan dut. Kanta horretan, adibidez, lekeitiarrek diote bertan jaio zela abestia, eta ez Ondarroan, eta horregatik liskarrak izan dira urteetan», aipatu zuen irribarrez.

Liburuaren izenak berak orrietan umorea ez dela falta izango adierazten du. «Koplak bertsoen neurria izateaz gain, broma esanahia ere badu ­argitu zuen gazteak­. Arrantzaleak oso umoretsuak eta bromistak dira eta horregatik izaera hori jaso nahi izan dut. Irakurleak oso azkar irakurriko du eta konturatuko da tonu umoretsu batean idatzia dagoela».

Harribitxiak agerian

Liburuak ahozko tradizioko abesti ezagunak biltzen dituen arren, badira orain arte argitaratu ez diren idazkiak ere. Horietako bat da Jabier Kaltzakortak Kirmeni emandako eskuizkribuan irakur daitekeena. «Bertan biltzen du hondoratze baten ostean, arrantzaleak euretako bat jan beharrean izan zirela ­jakinarazi zuen­. Naufragioak asko ziren, eta asko ere itsasoan itota hiltzen zirenak. Hondarribiko kanta zahar batek aipatzen du 200 bat lagun hil zirela hondoratze baten ondorioz. Txirritak ere bertsoetan aipatzen du 1912ko galerna batek 150 arrantzale ito zituela. Horregatik, hain justu, lehorrean zeudenean jai giroa zen nagusi; ospakizunak, alegia. Zorteko gizonak dira arrantzaleak, zorte onekoak nahiz zorte txarrekoak». Kirmenen esanak “Portukoplak” lanean Mikel Valverderen irudiekin jantzita agertzen dira. «Oso marrazki politak dira. Kantei buruzko inpresioak jaso ditu Mikelek bertan. Eta berarena, nirea bezala, lan subekjtiboa da».

Liburuak 200 bat orri eta beste 200 bat irudi dauzka.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Las coordinadoras delegan la gestión de los Olentzeros
Euskal Herria
El PSOE ve «inaudito» que el PP no se conforme con las detenciones
Euskal Herria
Prisión para dos de los arrestados por la Ertzaintza
Euskal Herria
«No vamos como víctimas, vamos con la cabeza alta a denunciar la tortura»
Kultura
Cinco frontones que llevan el sello de Jorge Oteiza
Kirolak
La plantilla dice «ya basta» a Piterman
Mundua
Sinn Féin exige que se traspase el control policial al futuro Ejecutivo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss