Paul Auster-en «Kristalezko hiria» komikia, euskaraz
Paul Auster-ek aurten bertan egin du euskaraz lehen aldiz, bere azken nobelaren euskal aldaera («Brooklyngo erokeriak») plazaratuta. Urtea ez da amaitu eta berriro euskaraz ari da, Harkaitz Canok itzulita, «Kristalezko hiria» argitaratu baitu Txalapartak. Nobela grafikoa edo, gaizkiulertuak lehenbailehen saihesteko, komikia da, album itxura ez duen arren. Nolanahi ere, ezohiko produktua eta, zinez, apustu ausarta.
DONOSTIA
“New Yorkeko trilogia”ko hiru nobeletako bat da “Kristalezko hiria”. 1985ean plazaratu zuen Paul Austerrek (New Jersey, 1947). Lan hori oinarritzat hartuta, 1994an komiki bat argitaratu zuten Paul Karasik-ek eta David Mazzucchellik. “Comics Journal”ek XX. mendeko ehun komikirik onenen artean zerrendatu zuen. Eta hori bera da orain, Canok euskaratuta, Txalapartak plazaratu duena.“Kristalezko hiria” komikian Austerren istorioen ezaugarri guztiak islatzen direla nabarmendu zuen atzo Canok. Oinez, New Yorken barrena, pertsona bat beste baten atzetik doa, baina ez zelataria ez zelatatua dira diruditena. «Oso istorio neoyorkinoa da eta asko dauka genero beltzetik, baina Austerren kezka intelektualak ere hor ageri dira», ohartarazi zuen Canok. Hiriaren arrisku eta aukera, hizkuntzaren ezintasuna errealitatea izendatzeko, idaztearen erredentzio eta kondena, bakardadea eta beste hainbat gai jorratzen ditu. Oro har, komiki bat itzultzea nobela bat itzultzea baino errazagoa dela onartu zuen Canok, baina langintza ez da horregatik samurra. «Komikian, bokadilloa ezin duzu handitu, eta hori arazo bat da», esan zuen. Izan ere, «ingelesak duen monosilabo miragarri kateatu horien efizientzia, pop musikarako hain ondo geratzen den sintesi ahalmen ikaragarri hori», ez delako euskaraz lortzeko erraza.
Liburu itxurako komikia Ingelesezko hitzen «anorexia»ren aldean, euskarazko hitzek «gizentzeko joera» omen dute. «Nobela bat itzultzen ari zarenean, ez dago arazorik, orrialdeak gehitu eta kito. Baina komiki batean, bokadilloa bokadilloa da, eta esaldia ezin da gehiegi luzatu. Sintesi joko horretan izan da nire borroka, eta disfrutatu ere horretan disfrutatu dut».
“Kristalezko hiria” ezohiko produktua da euskal merkatuan. «Euskaraz, itzulpenak gutxi saltzen dira eta komikiak ere, gutxi. Hau itzulpena eta aldi berean komikia da, beraz, erronka bikoitza», aitortu zuen Mikel Soto Txalapartako argitaratzaileak. «Hala ere jarraitu zuen, Euskal Herrian horrelako gauzak plazaratzeko garaia ere badela uste dugu. Gure iritziz, badago publiko gazte eta ez hain gazte bat horrelako produktuak merkatu espainolean eta anglosaxoian bilatu behar izaten dituena, gurean aurkitzen ez dituelako. Ea honek zer harrera duen eta, horren arabera, bide honetan urrats berriak egitea dugun».
Olariaga: «Desafio grafiko handia»
GARA
DONOSTIA Atzo Donostian egin zuten aurkezpen ekitaldian parte hartuz, Antton Olariaga marrazkilariak babesa eman nahi izan zien Harkaitz Canori eta Txalapartari “Kristalezko hiria” nobela grafikoarekin egin duten apustuan. Paul Austerren istorioa komikira eramatea «desafio grafiko handia» zela eta marrazkilariak genero beltzaren lege guztiak betetzeko ahalegina «aparta» izan dela ere nabarmendu zuen Olariagak. Ondoren, horrelako proiektuak aurrera eraman ahal izateko gainditu behar diren hainbat «koska» aipatu zituen. Horietako bat itzulpenarena da, zentzu zabalenenean, baina. Izan ere, Canok euskaratu baino lehen, gidoigileak Austerren jatorrizko nobela «itzuli» du; eta marrazkilariak, berriz, gidoia irudietara «itzuli» du. Alde horretatik, “Kristalezko hiria” komikia dela eta komiki bezala epaitu behar dela aldarrikatu zuen, atzean egon daitekeen nobela bikaina ahaztuz. «Konparazioak jatorrizko nobelarekin-eta, absurduak dira esan zuen. Nobela nobela da eta komikia komikia. Nik ezin dut esan Ronaldinho Jose Luis Korta baino hobea denik».
|