DONOSTIA
Hamaika Telebistako administrazio kontseiluak Iñaki Uria aukeratu du zuzendari nagusi. Iñaki Uriak Euskal Filologia ikasi du eta esperientzia zabala du komunikazioaren eta kudeaketaren arloan.
Bere ibilbide profesionalari dagokionez, “Susa” literatur aldizkari eta argitaletxeko sortzaileetako bat da Uria. “ZerukoArgia” aldizkaria “Argia” bihurtu zen unean bertako taldean sartu zen eta 80ko hamarkada osoan proiektu hori aurrera ateratzeko lanean aritu zen. Euskarazko prentsak izan duen unerik txarrenean egoera horri buelta eman zion taldean ere jardun zuen.
Ondoren, “Euskaldunon Egunkaria”ren sorrera prozesuan parte hartu zuen hasieratik Iñaki Uriak eta egunkari horretan zuzendari, zuzendariorde eta kontseilari ordezkari karguak bete zituen. “Euskaldunon Egunkaria” itxi ondoren ere komunikazio arloan jarraitu du lanean eta telebistaren digitalizazio prozesuan ireki diren aukeren azterketan aritu da.
Euskalgintzako hainbat elkartetan eta horien arteko elkarguneak bideratzen ahalegin handia egindakoa da Iñaki Uria, Hamaika Telebistako zuzendari nagusi berria.