Ibaetako irakasleen etxeak hutsarazi ditu Udaltzaingoak
Donostiako Phisics Center-ek modu ibiltarian dabiltzan ikertzaileentzako etxebizitzak eraiki nahi ditu Ibaetan. Zehazki, irakasleen etxeak deitzen duten eraikinean. Azkenengo zazpi urteetan, han bizi izan diren zortzi familiak kanporatu zituen atzo goizean Udaltzaingoak. Lekukoek jakinarazi zutenez, gainera, «oso modu txarrean» hutsarazi zuten.
DONOSTIA
09.00ak aldera agertu ziren atzo udaltzainak Donostiako Ibaeta auzoko irakasleen etxeak deitzen dituztenetara, horiek husteko asmoz. Bertako bizilagun batek azaldu zuenez, etxebizitzen barruan zeuden guztiak «oso modu txarrean» eta jarrera «oldarkorrarekin» kaleratu zituen Udaltzaingoak. Horien artean, hilabete gutxi batzuk baino ez dituen haur bat.
Kalean zeudela, hurbildutako pertsona oro identifikatu ondoren, etxeetan zituzten ondasunak hartzeko aukera utzi zieten bizilagunei. Arratsalde-partean, manifestazioa egin zuten Matia kalean barrena, “Giza eskubideak errespetatu, desalojorik ez” lelopean. 200 lagun inguruk parte hartu zuten.
Irakasleen etxeak egun Donostiako Physics Center dagoen ondoko eraikinean daude. Guztira zortzi familia bizi ziren, duela zazpi bat urtetik. Donostiako Udalak etxeak uzteko agindu zien, baina egun zehatzik jarri gabe. Physics Center-ek modu ibiltarian dabiltzan ikertzaileentzako etxebizitzak eraiki nahi ditu atzo hutsarazitako etxeetan, eta horretarako eskaria egin zion Udalari.
Azken horrek irakasleen etxeak hutsarazteko administrazio prozesua martxan jarri zuen eta maiatzeko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenez, Udaleko Bozeramaile Batzordeak Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari horien jabetza eskatzea erabaki zuen.
Eraikina husteko agindua iritsi zitzaienetik, bizilagunak behin eta berriz saiatu dira Udaleko eta Phisics Centerreko arduradunekin biltzen, egoerari irtenbidea topatze aldera, baina ez dute lortu.
|