DONOSTIA
Euskal Herriko maila nagusiko Launakako Txapelketako lehen finalak jokatuko dituzte bihar Sestaon, Las Llanas kiroldegian, 17.00etan.
Bertan, gizonezkoak arituko dira 330 kilotan; eta emakumezkoak, berriz, 260 kilotan. Mutilek lehen fasea hiru multzotan banatuta jokatu dute, eta bakoitzeko bi onenak sailkatu dira finalera. Neskak, berriz, dena ligaxka batean ari dira jokatzen. Hiru talde bakarrik dira, eta biharkoa hirugarren eta azkeneko jardunaldia izango dute.
Mutiletan, honako talde hauek lortu dute biharko final horretarako txartela: Abadiño A, Abadiño B, Abadiño C, Sokarri, Auzolan B eta Gatika.
Finalerako txartela lortu duten sei taldeetatik hiru Abadiñokoak dira. Segur aski tiralaririk gehien duen taldea ere hura izango da, eta garbi ari dira erakusten mutilak zortzinakakoa hasten denerako, aurten ere txapelak batzeko faborito nagusiak direla.
Biharko finala irabazteko ere haiek dira faboritoak. Lehen fasean, multzo batean Abadiño A nagusi izan da. Bigarrenean, Abadiño B ere irabaziz hasi zen, baina gero Auzolanek aurrea hartu zion. Hirugarren multzoan, Abadiño C izan zen onena.
Beraz, oso zaila izango dute beste taldeek berdeei aurrea hartzea biharko finalean. Badirudi Gatika eta Auzolan izan daitezkeela haiei aurre egiteko talderik egokienak, baina Abadiñokoen asmoa ez da txapela irabaztea bakarrik, ahal badute estreinako hiruretan sartu nahi baitituzte hiru taldeak. Horiek duten erronka ere ez da erraza, baina bi gutxienez lehendabiziko hiruretan ikustea ez litzateke arraroa izango; orain arte aritu diren mailan aritzen badira, behintzat.
Sestaoko Las Llanas kiroldegira joaten diren zaleek, ordea, ez dute mutilen saioa bakarrik ikusteko parada izango, emakumezkoen azkeneko ekinaldia, 260 kilotan, ere jokatuko baitute. Gaztedi A, Gaztedi B eta Girizia, Oiartzungoa neurtuko dira.
Hiru proba jokatu dituzte, eta oraingoz sailkapen nagusian Gaztedi A doa lehen postuan 5 punturekin. Bigarren Girizia dago 4rekin, eta azkena Gaztedi B 3rekin. Aurreko bi jardunaldietan irabazle ezberdina izan da. Lehenengoan, Gaztedi A izan zen onena, baina orduan Giriziak ezin izan zuen parte hartu, eta puntu bakar batekin geratu zen.
Hiru taldeak batera aritu direnean, ordea, gipuzkoarrak izan dira onenak, eta biharko saioa irabazteko ere faboritoak haiek direla pentsa daiteke. Giriziak irabaziko balu, hiru puntu batuko lituzke, eta horrekin batera 7ra joango litzateke. Orain arte ikusitakoaren arabera, Gaztedi Aren ere B-ren gainetik dago, eta bigarren amaituko balu, 7 punturekin geratuko litzateke. Orduan, berdinketa apurtzeko kitarako saio bat jokatu beharko lukete. Hori, betiere Giriziak irabazi eta Gaztedi A bigarren geratuko balitz azkeneko jardunaldian. Bizkaitarrek irabaziko balute azkeneko saioa, txapela berentzat izango litzateke.
Hor tartean Gaztedi B ere badago, baina ez dirudi beste bi taldeekin borrokatzeko moduan dagoenik. Beraz, badirudi garaipena Gaztedi Aren eta Giriziaren artean dagoela.
Biharko saioa amaitzen denean, Launakako Txapelketa amaitzeko beste bi final bakarrik geratuko dira. Hori hilaren 16an izango da Arrigorriagan, eta han 290 eta 240 kiloetako finalak jokatuko dituzte. Txapel bat banatuta dago, eta hori Izaskun taldeak eraman zuen, gizonezkoen Bigarren Mailakoan.