Euskal Museoak bide berriari ekingo dio urtarriletik aitzin egoera zailetik ateratzeko
Erakustokia garatu eta ezagutarazteko proiektu eta animazio eskasiak, diru-laguntza murriztuak eta ibilmolde arloan zeuden hutsuneek eraman dute Baionako Euskal Museoa defizit egoerara. Urtean 25.000 bisitari jasotzen ditu, eta milioi bat euroko defizita izaten du urtean. Egoera ekonomiko horren aurrean ikerketa bat bideratu dute, eta, ondorioz, Baionako hiria, Kontseilu Nagusia eta BAB herri elkargoa bilduko dituen sindikatu mistoa sortzea erabaki dute. 2007ko urtarrilean zabalduko dute egitura hori, eta Euskal Museoa kudeatuko du. Animazioak eta proiektuak bideratzeko manager bat ere izendatuko dute.
BAIONA
Abuztuan agertu zen prentsan 2001ean berrireki zuten Baionako Euskal Museoa egoera ekonomiko zailean zegoela. Urtean 30.000 bisitari ditu, eta Baionako Herriko Etxeak aurreikusi zituen 100.000ri begira kopuru horrek harridura handia eragin du. Ireki denez geroztik, museoa milioi bat euroko defizitarekin ibili da urtero.Egoera horri aurre egiteko, ikerketa bat galdegin zioten kabinete independente bati, eta Euskal Museoaren irudia zabaltzeko bai komunikazio bai animazio aldetik hutsune handia zegoela ondorioztatu zuen. Ikerketa horren emaitzei begiratuta, ondoko urtarriletik goiti lanean hasi beharko lukeen sindikatu mistoa sortzea erabaki dute. Egitura horretan, Baionako Herriko Etxearekin batera, Kontseilu Nagusia eta Baiona-Angelu-Biarritze herri elkargoa egiturak bilduko dira. Beren eginbeharra museoa kudeatzea izango da. Egitura horren bidez manager bat kontratatzeko asmoa ere badute. Izan ere, defizitaz gain, 2001ean zabaldu zutenetik Euskal Museoaren ibilmoldean huts anitz zeudela agertu du kabineteak ikerketan. Bisitariak erakartzeko urteko animazio plangintza finkorik ez izateaz gain, museoko erakusketak ikusi ahal izateko gidak ez dituzte ingelesera itzuli. Museoko funtzionamendurako laguntza tekniko gutxienekoa, hau da, ordenagailu sarea eta haurrak jasotzeko zerbitzua ere eskasak dira.
Hiru urteko epea Horrez gain, EuskalMuseoa zabaldu zutenetik erabakiak hartzeko arduradunik ez dagoela nabarmendu du ikerketa bideratu duen kabineteak.
Manager berriaren lana, izan ere, 2007 eta 2010 bitartean proiektu sendo bat martxan jartzea izango da, animazio plangintza bat finkatuta.Diru-laguntzari dagokionez, sindikatu mistoaren barnean dauden hiru egituren artean banatuko da. Baionako hiriak %40 hartuko du, Pirinio Atlantikoko Departamenduko Kontseilu Nagusiak %30, eta BAB herri elkargoak, berriz, gainerako %30a. EuskalMuseoko arduradunei hitz egitea debekatu dietela-eta, EuskalMuseoko Adixkideen elkarteak bere aldetik egituraketa berri horren balorazio positiboa egin du: «Dena dago egiteko, lan handia dago, hutsetik abiatuko baikara, beraz, proiektu guztiak onak dira. Bederen, alde batetik ongi da, dirudienez arazo bat dagoela ohartu baitira». Euskal Museoko Adixkideen elkarteak egituraketa berria finkatu aitzin proiektua landua zuen. «Proiektua herriko etxeko arduradunei aurkeztu diegu. Kontuan hartzeko sobera goiz zela esan digute. Managerraren izendapena itxaron beharko dugu, eta orduan hasiko gara lana egiten», argitu zuen. Tartean, Museoa laguntzeko mezenasgo lan bat abiatua dute. «Enpresariak prest dira Euskal Museoa bezalako egitura bati laguntzeko», esan du elkarteak.
Bonnat Museoa eta EuskalMuseoa egoera berean
Baionako bi museo nagusiek era bereko defizita dute gaur egun. Bonnat Museoak Euskal Museoak bezala 25.000 ikusle ditu urtean. Alta, bi museoak Estatu frantseseko hegoaldeko erakustoki nagusien artean dira. Eta, behin baino gehiagotan bi erakustokietan dauden altxorrak nabarmenduak dira, gainera. -
«Hirian dituen museoak zama gisa ikusten ditu Udalak»
Christian LIET
| Euskal Museoko Adixkideen Elkarteko lehendakaria
Christian Liet Museoko Adixkideen Elkarteko lehendakariak Baionako Herriko Etxean kulturaren gainean dagoen politika falta nabarmendu du era- kustokiaren egoera ulertarazteko. Euskal Museoa oso aberatsa da, nolatan dago
egun egoera horretan? Baionako Herriko Etxeak deskubritu du Euskal Museoak, eta, oro har, edozein museok ez duela dirua jasotzen, eta ez dela museo batekin dirua irabazten, alegia. Hori sorpresa handia izan da. Hala eta guztiz ere, ez dugu uste normala denik urtero 30.000 bisitari soilik izatea. Jende gehiago etor daiteke. Museoa 2001ean berriro ireki zuten, eta data horretatik landa ez da deus egina izan ez komunikazio ez eta animazio arloan ere museoan. Irekia izan da, eta uste zuten jendea joango zela arrazoi berezirik gabe. Euskal Museoak, alta, altxor handia
dauka... Bai, baina, Herriko Etxeak ez du sekulan baliatu
turismoa berpizteko edo hiriaren irudia aldatzeko. Hirian dituen museoak zama
gisa ikusten ditu Udalak. Bilbon Guggenheim museoa hiria berpizteko baliatua
izan da, Baionako Herriko Etxeak nahiago du Parisko Metroan zezen lasterketen
publizitatea egitea afixak jarriz, museoetan dituen altxorrak goraipatu baino. -
|