Siniorak bereari eusten dio, kaleari jaramonik egin gabe
·Milaka libanoarrek kanpaldia antolatu dute Beiruten, agintariaren bulegoaren ondoan
Fuad Siniora Libanoko lehen ministroak ez dauka kargua uzteko asmorik, nahiz eta herrialdeak inoiz ezagutu duen manifestaziorik jendetsuenak horixe exijitu dion. Milaka lagunek kanpaldia antolatu dute Sinioraren bulegoaren ondoan, eta bertan jarraituko dutela jakinarazi dute.
BEIRUT
Milaka lagun daude Beiruteko hirigunean antolatutako kanpaldian, Sinioraren dimisioa exijitzeko, baina lehen ministroak ezetz dio, oraingoz. Atzo kazetariei zera esan zien: «Libanoko krisi politiko larriari irtenbidea emateko, denok mahai baten inguruan eseri behar dugu, gure arteko desadostasun guztiak eztabaidatzeko».
Bere bulegoko leihotik ikus daitezke lehen ministroaren dimisioa eskatzen duten milaka manifestariak. Ostiraleko gaua han bertan jarritako kanpin dendetan egin zuten, oso ondo antolatuta, gainera, eta atzo gauza bera egitekoak ziren.
Atzo, goizean goiz, berehala hasi ziren oihuka. «Siniora, Ali Baba, zuk eta zure lapur Gobernuak alde egin behar duzue», entzuten zen. Hizbula alderdiak eman dituen datuen arabera, bezperako milioi manifestarietako 5.000 inguruk igaro dute lehen gaua kanpaldian, batzuek dendetan sartuta, besteek izarrei begira. Mobilizazioa «mugagabea» da.
Kanpotik ikusita, protestaldiak sekulako iraupena izan dezan antolatu dituztela gauzak dirudi: komun mugikorrak, kantinak, pankartak, ehunka denda... Antolatzaileek prestatu duten segurtasun zerbitzuko kideak beltzez jantzita daude.
Ostiralean, manifestazio erraldoia egin ostean, Hizbularen eta Michel Aoun jeneral kristauaren deialdiarekin bat egin zutenek Gobernuaren egoitzara doazen bide guztiak itxi zituzten. Ilunabarrean, Nabih Berri Parlamentuko presidentearen eta Gobernuaren arteko negoziazioei esker, irteera bat zabaldu zuten. «Siniorak eta bere ministroek ihes egin zezaten ametitu genuen», zioen atzo goizean, harro-harro eginda, manifestari xiita gazte batek. Protestaldian kristauak eta xiitak badaude ere, ez dira nahastu: xiitak Sinioraren bulegoaren ondoan neskak alde batetik eta mutilak bestetik, eta kristauak 200 metrora, neskak eta mutilak nahastuta.
|