GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-12-03
Kirmen Uribe - Idazlea
Zigorra Gasteizen

Duela bostehun urte Gasteizen izandako gertaera bat hartu dut gomutan aste honetan, torturatu eta gero epaitu behar dituzten gazteen auzia dela eta. Gasteiz udaleko agiri zaharretan hauxe ageri da 1496ari dagokion atalean. Kexu dira herritarrak urte hartan, kexu ere kexu. Ezinegonaren zergatia kondenatu baten egoera da, hiriko irteeretan egoten ziren pikotetako batean gertatzen ari zenaz hain zuzen. Hiritarrek ezin zuten hura ikustea. Pikotan kondenatu bat zegoen, urkaturik. Baziren zenbait egun hura urkamendira eraman zutena. Eta eguna joan eguna etorri gorpua hantxe zegoen kateaturik. Ez zuten bertatik kentzen. «Egoera jasanezina da», diote paper zaharrek, «zakurrek hesteak jaten dizkiote gorpuari». Kronikak dio jendeak hura lurperatu zezaten eskatzen zuela, ikuspegi hark nahigabe handia sortzen zuela-eta herritarren artean.

Baina garai hartan Gasteizko urkatu harena ez zen kasu bakarra izango. Ohikoa zen zigorrak jendearen aurrean eragitea. Jendeak jakin zezan erruduna nor den eta zer gerta zekiokeen haren moduan jokatzen bazuen.

Antzeko zirrara eragin zidan niri Unai Romanoren argazkia ikusi nuen lehenengo aldian. Oilo ipurdia zabaldu zitzaidan gorputz osoan zehar. Izan ere, tortura ez dago zuzendua soilik torturatua denari. Tortura giza-talde bati egiten zaio. Unaik eta beste enparauek esan duten moduan, tortura ez da zigor fisikoa bakarrik, agintearen erakustaldia da. Beldurra sortu nahi du, izu-ikara, argi utzi nork agintzen duen benetan.

Gasteizko kartzelari buruz ari naizela, garai hartako beste gertaera bat ekarri nahiko nuke gogora. 1500. urtekoa oraingoan. Urte urrun hartako abuztuaren bederatzian kartzela erasotu zuten eta hartu egin zuten gainera. Preso bat handik ateratzea zen haien helburua. Bitxiena da nortzuk izan ziren kartzela hartu zutenak. Abadeak ziren. Abade talde batek espetxea hartu eta Martina de Gamiz izeneko emakumea libratu zuen bertatik. San Frantzisko monastegira eraman zuten gero, haiekin batera. Eta ez zuten hura bueltatzerik nahi.

Ez dakit zehatz mehatz zergatik libratuko zuten emakume hura abadeek, ezta zergatik eramango zuten monastegira. Pentsatu nahiko nuke, nahiz eta benetako arrazoia oso bestelakoa izango den seguru-seguru, maite zutela beharbada eta ezin zutela hura gabe bizi. Eta horrexegatik eraman zutela denen artean haienera.

Ederra litzateke hura balitz. Ederra litzateke geuk ere torturatuak babestuko bagenitu, eta geurekin batera eraman, nahi dugun tokira. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Ahotsak defiende el diálogo sin condiciones para avanzar
Iritzia
La igualdad, un pilar del proceso
Mundua
«Fidel, ochenta años y p’alante»
Kultura
Euskal Museoak bide berriari ekingo dio urtarriletik aitzin egoera zailetik ateratzeko
Kirolak
La final se aplaza al día 17 por un esguince de Barriola
Euskal Herria
Detienen a otros tres presuntos militantes de ETA en Labesserette
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss