Juan Karlos ALDUNTZIN eta Ruben IGLESIAS| Udalbiltzako Hezkuntzako kidea eta Euskal Curriculumaren arduraduna
«Herritarrek asko dute esateko Euskal Curriculumaz eta hori jaso dugu»
Euskal Herriko eragileek eta herritar ugarik definitu dituzte derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle batek gutxienean izan behar dituen balio, jakintza eta gaitasunak. Horretarako aukera eman nahi izan zien Udalbiltzak, bere iritziz, «asko baitute esateko». Liburuxka eta CD-ROM batean batu dituzte horiek guztiak.
Euskal Curriculumaren proiektuak orain bost urte ekin zion bideari. Denbora tarte horretan hainbat pauso eman ditu. Urratsetako bat, Euskal Curriculuma definitu eta aberasteko xedearekin, herri eragileen bereziki, eta oro har euskal gizartearen ekarpenak biltzearena izan da. Juan Karlos Alduntzin eta Ruben Iglesiasen esanetan, funtsezkoa gertatzen da, batez ere, «balioen eta gaitasunen alorrean asko dutelako esateko herritarrek eta herri eragileek». Baina herritarren ekarpenak ez ezik, argitara eman duten liburuxkan eta CD-ROMean Udalbiltzak hezkuntzaz egiten duen irakurketa historikoa ere batu dute, besteak beste.
Euskal Curriculumak parte-hartzea ezaugarri izatea bilatu duzue eta Udalbiltzak gizarte eragileekin garatu duen eztabaida horren adibide da.
Ruben Iglesias: Udalbiltzak Ikastolen Konfederazioa eta Sortzen Ikasbatuaz erakundeekin akordioa sinatu zuenean, gizarte eragileen eta herritarren ekarpena jasotzearen ardura hartu zuen. Pentsatzen dugu hezkuntzaren funtzioa ez dagokiola soilik eskolari, eskolatik kanpo ere ikasleak eta jendartea, oro har hezten baikara, eta horretan herri eragileek badute halako kapital pedagogikoa. Herri erakundeengana joan ginen curriculumari egin ziezaioketen ekarpenaren berri izateko. Bide horretan, Euskal Herrian inoiz egin ez den ariketa bat da: hain zuzen, hezkuntzaren gaineko gogoeta integrala egin dugu.
Nolabait hezkuntzaren garrantziaz herri eragileak jabetzeko modua ere izan al da?
Juan Karlos Alduntzi: Hori batetik, eta bestetik, eskolak ere ohartu behar du eskolaren zereginak definitzea herriari ere badagokiola. Azken batean, curriculum batek zehazten du zer balio, zer gaitasun eta zer eduki izan behar dituen pertsona batek derrigorrezko hezkuntza amaitzean; eta hori zehaztea ez dagokio soilik eskolari, gizarteari ere badagokio, batez ere, balioen eta gaitasunen alorrean asko dutelako esateko herritarrek eta herri eragileek. Eskolak eta administrazioek eman ezin dioten balio erantsia da gizarteak ematen diona. Hala eta guztiz ere, orain arte ezagutu diren prozesuak ez dira horrelakoak izan. Orain artean, gobernuek egin dute curriculuma eta hizkuntza komunitateek aplikatu egin dute. Gurean, aldiz, herria ari da curriculuma definitzen.
Teorian behintzat eskolan parte-hartzeaz asko hitz egiten da gaur egun.
R. I.: Bai, hala da teorian. Jendarte eredu honek sortzen dituen gatazken isla eskolan izaten denean, gizarte osoaren inplikazioa behar dela adierazten zaigu, baina badirudi gatazkak sortzen direnean soilik dagokiola horri hezkuntzan esku hartzea. Gure ustez, aipatutakoa eguneroko jardunean gauzatu beharko litzateke heziketa prozesuaren muinetik, eta horretan ari gara. Partaidetasuna bermatu eta gauzatu beharra dago, herriari baitagokio nolako eskola nahi eta behar duen definitzea.
Eta herri eragileak benetan jabetzen al dira curriculum bat osatzeak duen garrantziaz?
R.I.: Herri eragileak jabetuta daude Euskal Curriculumaren garrantziaz, baita horrek herriaren garapenean duen funtzio estrategikoaz ere. Curriculumaren definizioarekin ere horixe adierazi dute. Eskertzekoa eta zoriontzekoa da izandako inplikazioa, ezin dugu ahaztu proiektu honetako bi zutabe nagusiak konpromisoa eta borondatea direla.J.K.A.: Sekula ez zaie galdetu ere egin. Maila praktikoan parte-hartzea asko mugatu izan da. Esparruaren definizioan eta horrek izan behar dituen zutabe eta oinarrietan galdetu zaie. Aukera hori eskaini zaienean zeresana badutela jabetu dira. Izan ere, Udalbiltzak Euskal Curriculuma proposatu zuenean, ez zen ezerezetik sortu. Era bakartuan eta Euskal Herriko hainbat eremutan zeuden kezkak jaso eta nolabait esparru bat partekatu da Euskal Herria nazio gisa ikusten zuten eragileekin.
Zer jaso duzue liburuxkan eta CD-ROMean?
R.I.: Liburu hau prozesu horretatik lortu diren ondorioen bilduma bat da. Lehen bi ataletan agertzen da Udalbiltzak hezkuntzaz nahiz curriculumaz egiten duen irakurketa historikoa eta hezkuntzak Euskal Herrian duen garrantzia; hirugarren atalean herritarren ekarpen prozesua nola garatu zen jasotzen da, eta, azkenik, Euskal Curriculumaren gogoetan sakontzeko oso interesgarriak diren gehigarriak; CD-ROMean arloz arlo jasotako ekarpenak biltzen dira. Oso liburu txukuna da, beraz, eta oso erabilgarria ikastetxe eta irakasle guztientzat, aintzat hartu beharreko proposamena da, finean.
Ondorio ugari eta askotarikoak dira herri eragileengandik jaso dituzuenak. Zeintzuk dira errepikatu direlako nabarmenduko zenituzketenak?
R.I.: Hezkidetzaren papera funtsezko jotzen zuten, zeharkako modu batean arlo guztietan eta modu iraunkorrean landu beharrekoa; hizkuntzaren garrantzia ere nabarmentzen dute, baina hizkuntzaren gaia edukiarekin lotzen dute. Hau da, hizkuntzarekin batera euskaldunak hezi nahi baditugu, ondare kulturala ere landu behar dela adierazi dute, modu osagarrian ikusi behar direla. Ez baita gauza bera euskarazko hezkuntza eta hezkuntza euskalduna.
Curriculumaren gaia lantzean, zalantza bat sortzen da; nola aplikatu ondoren guztia?
R.I.: Euskal Curriculumaren definizioaren amaieran gaude, eta curriculuma aplikatzeko herri estrategia antolatzen eta adosten hasi behar dugu. Azken batean, ez daukagu Hezkuntza Ministerio nazionalik curriculuma Euskal Herri guztian aplikatzeko. Zatiketa politikotik eta administraziotik gaindi, xedeak argia izan behar du: Euskal Curriculuma Euskal Herriko ikastetxe guztietan aplikatzea, curriculuma osatu dugun oinarri berberen gainean: parte-hartzea, lurraldetasuna eta hezkuntza sare guztientzat baliagarria izatea. Hori aurrera eraman ahal izateko bi faktore hartzen ditugu kontuan: konpromisoa eta borondatea. Era berean, azken Nazio Eztabaidan onartu zen Euskal Curriculuma definitzea eta aplikaziorako herri estrategia bat osatzen joatea. Beraz, Nazio Garapen Biltzarrekin lan talde bat osatuko da, herri estrategia hori eragileekin osatu eta adosteko.-
|