GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-03
Zuberoako «Resto du Coeur» laguntzeko boluntarioen itxaron-zerrenda dago
Bihar irekiko ditu ateak Ipar Euskal Herriko seigarren «Restaurants du Coeur» (Bihotzeko Jatetxeak) delakoak. Hain justu, Maule ondoko Sohuta herrian egin dute egoitza, eta astero beharra duen jendeari janaria banatuko dio. 1985. urtean Coluche komedianteak sortu zituen «jatetxe» horiek, eta asteko janaria doan emateaz gain, konpainia eta ulermena ere erruz banatzen dituzte.

J endeak anitz maite du laguntzea», esan zuen Zuberoako Resto du Coeur-en sortzaileak, Isabelle Begueriek. Baieztapen horren atzean dagoen errealitatea ezagutzeko begiratu besterik ez dago Sohutako elkartean laguntzeko izena eman duten boluntario guztiei. Bost taldetan lan egiten dute 30 pertsonak, eta, horrez gain, boluntario gehiagok lagundu nahi izan dute elkartean, baina tokirik ezean itxaron-zerrendan gelditu dira.

Beharra duen jendea laguntzeko urrunera joan beharrik ez dagoela nabarmendu zuen Isabelle Begueriek. Hirian nahiz landa inguruan laguntza beharra duen jendea badela argi ikusi baitute Zuberoan. Lagunduek duintasunari eutsi diezaioten janaria lortzeko izena eman duten pertsonen kopurua zehazterik ez bazuen ere, espero zutena baino askoz eskari handiagoa izan dutela nabarmendu zuen Begueriek. «Mota guztietako jendea etorri da laguntza eske. Bakarrik bizi diren pertsona zaharrak, baita gazte asko ere, lan prekario batekin bizitzeko beste ez dutenak. Haurrekin bakarrik dauden emakume asko ere etorri dira», adierazi zuen «jatetxeko» zuzendariak.

Beharra bezain handia izan da laguntzeko gogoa duen jendearen erantzuna. Isabelle Begueriek egunkarian irakurri zuen Donapaleuko Resto du Coeur ireki ostean Maulen beste bat irekitzeko nahia zutela, eta norbait interesatuta baldin bazegoen telefono batera deitzeko. Artikulu hori izan zen bihar irekiko duten «jatetxearen» hazia. Begueriek berehala deitu zuen egunkarian agertzen zen telefonora, eta lanean hasi zen. Mauleko herriko etxearekin kontaktuan jarri zen egoitza lortzeko. Zuberoako hiriburuan farmazia bat du Begueriek, eta beregana joaten ziren bezeroekin mintzatuz lortu zituen boluntarioak. «Honaino ailegatzeko bidea luzea izan da, estasi uneak ere egon dira, eta une zailak ere pasatu behar izan ditut» azaldu zuen farmazialariak.

«Tokia lortzea izan da azkenean lanik zailena», esan zuen zuzendariak. Mauleko herriko etxea hilabeteetan ibili zen toki baten bila, baina, elkartearentzako egoitza egokirik aurkitu ez zutenez, Sohutako herriko etxeak herriko aldarealde zaharra proposatu zion elkarteari.

Alabaina, tokia ez dago soberan Sohutako aldarealde zaharrean. Bi gela txiki baliatzen ahal dituzte, eta hirugarren gela bat kristau-ikasbidearekin partekatzen dute. Egoitza hobe baten itxaropen bidea ireki du, hala ere, Mauleko Herriko Etxeak, suhiltzaileen etxe zaharra egokitzen dutenean toki bat emango dietela hitz eman baitu.

Seigarren «Jatetxea»

Aierra, Angelu, Donibane Lohizune, Donapaleu eta Donibane Garaziko egoitzen ondoren Sohutako Resto du Coeur-ek irekiko ditu ateak bihar. Jendeari duintasunez bizitzen lagundu nahi dio elkarteak, eta astero janaria eta haur-oihalak banatzen ditu. Zuberoan astelehen goizetan egingo dute banaketa goizeko bederatzietatik hamaika eta erdiak arte, baina egoitza bakoitzak bere ordutegia eta funtzionamendua antolatzen ditu.

«Jatetxe» bakoitzaren askatasuna onartuz boluntario guztiek sei puntuko hitzarmen bat sinatu behar dute. Lehenak beharra duten pertsonei errespetua eta elkartasuna ematea aipatzen du. Politika edo erlijioarekin loturarik ez erakustea eta laguntzeagatik inongo onurarik ez lortzea ere eskatzen da. Baina, elkarteko etika harago doa; adiskidetsua eta atsegina izatea ere eskatzen zaie elkartean boluntario lanetan aritzen direnei.

Azken baldintza hori derrigorrezkoa da astero harrera egiten aritzen direnentzat. «Jatetxeetan» janaria banatzea baino lan handiagoa egiten da. Sarreran kafea, zukua eta gozoki batzuk ematen dira eta mintzatzeko gogoa duen jendeak bolun- tarioen ulermena aurkitzen du asteroko janariarekin batera. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Ahotsak defiende el diálogo sin condiciones para avanzar
Iritzia
La igualdad, un pilar del proceso
Mundua
«Fidel, ochenta años y p’alante»
Kultura
Euskal Museoak bide berriari ekingo dio urtarriletik aitzin egoera zailetik ateratzeko
Kirolak
La final se aplaza al día 17 por un esguince de Barriola
Euskal Herria
Detienen a otros tres presuntos militantes de ETA en Labesserette
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss