Hirigintza Plana gaitzetsi du hainbat lezotarrek
·Herritarrei aditzeko eskatu diote Udalari
Lezoko Udalak hasierako onarpena eman zion Hirigintza Planari joan den irailean. Kezkatua dago hainbat herri eragile, proiektuak bizi kalitatea kaltetuko duela pentsatzen baitu, eta kontrako adierazpen ugari egin du. Atzo, Aldundiaren aurrean elkartu ziren desadostasuna agertzeko.
DONOSTIA
Hirigintza Planaren inguruko «iruzurra» salatzeko elkartu ziren atzo Lezo Bizirik, Altzate Auzo Elkartea, Allerru Mendi Taldea, Superportuaren Aurkako Taldea eta Lezoren Alde Herri Plataforma. Aitor Sarasola mintzatu zen GARArekin Gipuzkoako Aldundiaren aitzinean batutako guztien izenean.
Gasteizko Gobernuaren 2/2006 Lurzoruaren lege berria aplikatzen hasi baino 48 ordu lehenago, ez ohiko batzarrera deitu zuen Lezoko Udalak Hirigintza Planari hasierako onarpena emateko. Hortaz, legea bete beharrik ez duenez, derrigortutakoa baino 369 bizileku babestu gutxiago egiteko asmoa duela salatu zuen Sarasolak.
Zinegotzi batzuek «interes ilunak» dituztela ohartarazi zuen. «Herriondo natur eremuko lurrak birkalifikatu nahi dituzte, tartean EAJko zinegotzi batenak, nahiz eta txostenetan babestu beharreko leku gisa agertu. Okupazio ikaragarria egin nahi dute, milioi bat metro koadrotan 1.150 etxe eraikita eta herriaren azalera urbanizatua bikoiztuta. Orain ditugun kutsadura arazo larriak okertu egingo lirateke plana gauzatuz gero».
Herritarrei entzuteko eskatu zioten elkarteek Udalari, uztailaren 20an 1.024 sinaduraren bidez egin zuten bezala. Galdeketa egiteko exijitu zioten orduan, baina ez zien erantzun. «Oraingoan Aldundira etorri gara, ingurumen eta antolakuntza irizpide egokiak bermatu behar baititu».
|