GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-12-05
Dani Maeztu eta Jon Arza - Aralarkideak
Herritarren ordua da

Hego Euskal Herrian sekula egin den azpiegitura proiektu erraldoiena gauzatze bidean da. Ingurumen eta ekonomia alorrean inoiz ez bezala eragingo duen proiektu horri buruz hiritarrek iritzia emateko sasoia heldu da. Egungo politikan akordioetara iristea ohikoa ez bada ere, AHTren auzian PP, PSE-EE, EAJ eta EA ados daude: kosta ala kosta trena egin behar da. Horrek guztiak hiritargoari hausnarrarazi egin beharko lioke. Batzuek usteko dute herrialde honentzako proiektu ona dela. Hobea litzateke Euskal Herriko normalizazio politikoa, baina aitzitik ez dira ados jartzen.

Gure ustez, adostasun honek kapitalismoaren eta boterearen logikarekin zerikusi gehiago dauka. Badirudi boterean egoteko ­EAJ-EA Euskal Autonomia Erkidegoan, PSOE Espainian eta PP leku guztietan­ porlan eta hormigoi enpresariekin ondo eraman beharra dagoela, eta hauentzako AHT auzian asko dago jokoan.

Horregatik, hain zuzen ere, gainontzeko hiritarrei zuzentzen gatzaizkie. Adibidez, egunero eskualde arteko bidaiak egiten dituzten hurreko trenen erabiltzaileei. AHT ez da guretzako. Guk bikoizten ez diren trenbideetatik garraiatzen jarraitu beharko dugu, ohikoak bihurtu diren atzerapenak pairatu eta oso deserosoak diren trenetan bidaiatu, maiz edozein aldapatxo gainditzeko gai ez direnak. Horrez gain, zoriontsuak izango gara, dauzkagun geraleku eta geltokietan katarrorik hartzen ez badugu. Egoera horretara iritsi gara, errepideen eta auto partikularraren erabilerari lehentasuna eman zaiolako, kolektiboaren eta trenbidearen interesak zokoratuz. Orain ordea, sinistu beharra dugu politika horiek aurrera eraman zituztenak egun trenbide iraunkor eta sozialaren aitzin- dariak direla.

Zuzentzen gatzaizkizue, halaber, euren buru gainetik AHT pasa dadin mendiak zulatzen eta haranak hausten ikusiko dituztenei. Eraikuntza lanak hasi badira ere, zenbat lur desjabetuko dieten ez dakitenei, milaka tona lur bildu behar dituzten isurtegiak non eraikiko dituzten ez dakitenei, makinaria eta pistak euren lurretatik pasako diren ez dakitenei, baserria botako dioten ala ez zalantzan daudenei. Finean, proiektu horrek gabezia nagusi bi dauzkalako: argitasunik eta gardentasunik eza. Horrek ere pentsarazi behar liguke. Hain ona bada zergatik ez eman informazio osoa? Ekarriko lituzkeen ustezko abantailak aipatzen dituzte, sarri egia erdiak erabiliz. Ostera, ekarriko dituen kalteez ezer ere ez. Aurkezpen ponposoak egitera mugatzen dira, baina ez dute benetako informaziorik ez eta eztabaidarik nahi. Aitzitik, haurtzaindegiak edo babes ofizialeko etxebizitzak inauguratzen dituztenean, argazkiak ateratzeko beti prest dauden politikariek informaziorik zehatzena ematen digute.

Azkenik; senideren bat sartu asmoz, erresidentzia publiko batetik noiz deitu zain dagoen hiritarrari, mokor batean ebakuntza egin zain Osasun Zerbitzu Publikoaren zerrendatan urte bete dagoen hiritarrari, hainbat urtez babestutako etxebizitza baten zain dagoen hiritarrari, lasaitu dadin eskatzen diogu. Lasai, denak berdin jarraituko duelako. Hautestontziek eman duten legitimotasunetik gobernatzen gaituztenek erabaki dutelako benetan garrantzitsua Bilbotik Donostiara ordu erdian joatea dela. Badakigu diru publikoa ere ahitu egiten dela, denerako ez dagoela, hori bai, proiektu honetan kopuru itzelak erabiliko dituzte.

Beraz, isiltasunaren eta pasibotasunaren bitartez, ez ditzagun guk ere agintariak eta tankera honetako proiektuak legitimatu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sainete para la pesadilla que no acaba
Kirolak
Diputación dará 830.000 euros anuales para la cantera
Euskal Herria
«La decisión popular no puede estar cautiva de la Constitución», subraya LAB
Jendartea
Escasos recursos para corregir políticas
Mundua
Chávez logra su tercer mandato con una victoria incuestionable
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss