- Belar Hockeya
Jolasetako neskek eman dute asteburuko pozik handiena
·Realak, berriz, ezin izan zion etxean Junior taldeari irabazi
DONOSTIA
Ohorezko Mailan dabiltzan euskal taldeen artean, emakumezkoen Jolaseta taldeak lortu zuen garaipen bakarra. Haiek eman digute asteburuko pozik handiena. Izan ere, maila horretan, Realak galdu egin zuen. Mutilen maila nagusian, Atletiko San Sebastianek kanpoan berdindu egin zuen, eta Jolasetak etxean galdu.Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Jolasetak denboraldi honetako estreinako garaipena eskuratu zuen, Ourenseren zelaian 0-2 irabazita. Bizkaitarrek partida oso ona egin zuten, eta ongi merezitako garaipena lortu zuten. Realak, berriz, bestelako emaitza jaso zuen. 1-2 galdu zuen etxean Junior taldearen aurka. Zuri-urdinek ez zuten partida handia egin, baina galtzerik ere ez zuten merezi izan. Partida osoan zehar nagusi izan ziren, baina kanpotarrek izandako aukerak ederki aprobetxatu zituzten, eta 0-2 aurreratu ziren. Corchinik lortutako golak ez zuen ezertarako balio izan. Sailkapenean, Jolaseta zazpigarren dago, eta Reala zortzigarren, biak bosna punturekin. Mutilen Ohorezko Mailan, Atletiko San Sebastianek lortu zuen emaitzarik onena. Donostiarrek 2 eta 2 berdindu zuten Club de Camporen zelaian. Lorenteren golak aurreratu zituen zuri-urdinak lehen zatian, baina atsedenera joan aurretik, madrildarrek berdindu egin zuten. Oscarisek 1-2koa egin zuen, baina berriro ere etxekoek berdinketa lortu zuten. Jolasetak partida bakar bat irabazi gabe jarraitzen du. Herenegun, 0 eta 6 galdu zuen etxean Egara taldearen aurka. Kataluniarrak askoz ere gehiago izan ziren. Sailkapenean, Atletiko San Sebastian bosgarren dago 8 punturekin, eta Jolaseta, berriz, azkeneko lekuan dago puntu bakar batekin, partidarik irabazi gabe.
|