GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-05
Gogoeta, ekintza eta suspensea, Lertxundiren «Ihes betea»n
Alemania nazian homosexualak, komunistak eta beste jipoitzen ibili den gazte hitlerzale porrokatua izan da Werner, harik eta judua dela deskubritu duen arte. Berak ez ezik besteek ere deskubritu dute, eta Wernerrek Europan barrena ihes egiteari ekin behar izan dio. Hori da Anjel Lertxundik atzo aurkeztu zuen «Ihes betea» nobelaren abiapuntua. Oriotarrak esan zuenez, «bidaia iniziatiko» bat da, ekintza, suspense eta hausnarketaz betea.

DONOSTIA

Werner gazte nazi porrokatua da. Etxean, ordea, ez du berak nahi lukeen surik sumatzen Hitlerren alde. Izan ere, berak ez dakien arren, judua da, eta, hori dela-eta, azkenean, ihes egin beharko du. Lehendabizi, Triestera; gero, berriz, Parisera, eta hortik Marseillara, baita Hendaiara ere.

«Bidaia iniziatiko baten istorioa da», nabarmendu zuen Anjel Lertxundik berak atzo. Bidaian hainbat pertsonaia ezagutuko du Wernerrek, esaterako, osaba Angelo, Umberto liburu saltzailea, Joseph Roth idazlea edota Irina ostatu bateko zerbitzaria. Pertsonaia horietatik batzuk benetakoak dira ­Roth bera, Umberto Saba, Walter Benjamin, beti izen-abizenekin aipatuak agertzen ez badira ere­; beste batzuk, aldiz, fikziozkoak. Den-denak dira, nolanahi ere, «gogoangarriak».

Atzoko aurkezpena, ohiko hitzaldien bitartez egin beharrean, elkarrizketa moduan egin zuten Inazio Mujika Alberdaniako argitaratzaileak eta Lertxundik berak. Mujikak galdetuta, Lertxundik argitu zuen zergatik nobela, 36ko Gerran edo «gertuagoko» beste egoera batean girotu beharrean, naziek zanpatutako Europa hartan girotu duen. «Boterearen ideologiarekin erabat egindako mutil baten erabateko haustura bere izaeran eta munduarekiko jarreran irudikatu behar nuen ­adierazi zuen­. Eta haustura hori zirkunstantzia biologiko batek, hau da, berak kontrolatu ezin duen zirkunstantzia batek sortu behar zuen. Istorio hori Inkisizio garaian girotu nezakeen, baina naziek zanpatutako Europan girotzea egokiagoa iruditu zitzaidan».

«Egungo giza kondizioaz»

Nolanahi ere, Lertxundiri interesatzen zitzaiona ez zen haustura hori bera kontatzea, baizik eta haustura eta gero zer gertatzen den kontatzea. «Ez nuen haustura aurretikoa beltza eta ondorengoa txuria irudikatu nahi, baizik eta haustura aurretikoa erabat kolore batekoa eta ondorengoa, berriz, izugarri kolore gama zabalekoa. Hor, ezerezitik eraiki beharko du Wernerrek bere izaera; bere buruarekin topo egin beharko du», esan zuen.

Eta topo egingo du, «baina ez gainetik eransten zaion supraideologia» baten ondorioz, baizik eta, peripeziaz peripezia, bizikizunez bizikizun, «barrutik nozitutakotik» ikasiz.

Nazien menpeko Europan girotuta dagoen arren, Lertxundik ez du duda egiten: «Liburuan egungo Euskal Herriaz, nitaz eta geure gizarteaz ere ari naiz. Azken batean, giza kondizioaz ari naiz. Oraintsu arte indarrean izan ditugu munduan nola jokatu esaten ziguten sistema oroesplikatzaile batzuk, dena ideologia dela erlijioa.Gure gurasoek oso ondo zekiten zer zegoen gaizki eta zer zegoen ondo. Baina sistema oroesplikatzaile horiek erori zaizkigu guri, eta orduan guk unean-unean erabaki behar dugu, erabakitzekotan, nola jokatu. Nobelako protagonistari horixe gertatu zaio: esplikazio totalitariotik bere esplikazioak unean-unean bilatzea tokatu zaio. Hori gure gaurko kondizioa da».

Anjel Lertxundik liburu berria plazaratzen duen bakoitzean jakin-min handia izaten da. Horren lekuko da atzo eguerdian Donostiako Liburutegian egin zuen aurkezpen ekitaldia. Bertan Ibon Sarasola, Juan Gartzia, Harkaitz Cano eta beste literaturgile ezagun batzuk bildu ziren.



Joseph Roht eta Xabier Lete bitartean
M.A.
DONOSTIA

«Liburu honetan hasiera-hasieratik zerbait baldin bazegoen, zerbait hori Joseph Roth nobelagilearen itzala zen», ohartarazi zuen atzo Anjel Lertxundik. Izan ere, “Ihes betea”n Roth pertsonaia gisa eta guzti agertzen da.

«Nik asko estimatzen dut Roth ­jarraitu zuen oriotarrak­, ez hainbeste egin duen literatur moduagatik, baizik eta planteatu dituen kontuengatik». Kontuan izan behar da Wernerren antzeko krisialdia izan zuela Rothek. Inperio Austriar-hungariarraren porrota bertatik bertara ezagutu eta bere lanetan islatu zuen.

«Nobela idazten ari nintzela, etengabe Roth nuen buruan, eta, bereziki, haren nobela bat, ‘Fuga sin fin’. Ideia hori euskaraz nola eman pentsatzen jarri eta segituan etorri zitzaidan gogora Xabier Leteren poema: ‘Ihes betea zilegi balitz,/ urra ahal baledi katea’». Horra “Ihes betea” izenburuaren zergatia.

Gainera, nobelako protagonista, Werner, fisikoki ihes egiten ari da. Baina Anjel Lertxundik kontatzen duena batez ere zera da, ihesaldi horretan Wernerrek «bete-betean» nozitzen duen «barne prozesua, barne bidaia hori».

Egitura lineala eta hizkera errazagoa

Anjel Lertxundiren aurreko hainbat nobela ez bezala, “Ihes betea”, egitura aldetik, lineala da guztiz. Era berean, egilea ohi baino hizkera errazagoa erabiltzen saiatu da. Ez dio, alabaina, «esperimentu» batzuk egiteari uko egin. Ez zuen horri buruz pista handiegirik eman nahi izan atzo, baina elkarrizketetan «ahalegin berezia» egin duela aitortu zuen. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sainete para la pesadilla que no acaba
Kirolak
Diputación dará 830.000 euros anuales para la cantera
Euskal Herria
«La decisión popular no puede estar cautiva de la Constitución», subraya LAB
Jendartea
Escasos recursos para corregir políticas
Mundua
Chávez logra su tercer mandato con una victoria incuestionable
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss