«Preso eta iheslari politikoek bizirik daudela esateko beharrizana dute»
Euskal preso eta iheslari politikoen sorkuntza lanak jasotzen ditu «Ataramiñe» koadernoak. Orain, beste zenbaki bat jarri berri dute kalean. Seigarren aleak Aitor Elortza urte hasieran hil zen errefuxiatu algortarra omentzen du; haren margoak gurera dakartza. Gainerako orrietan bertsoak, poemak, ipuinak, hausnarketa testuak zein ipuinak ageri dira.
BILBO
Almeriako El Acebuche espetxean dagoen Jon Pirizen margo bat dakar azalean ‘‘Ataramiñe’06’’ literatura koadernoak. Portugaletetarrak hogeita bi urte daramatza kartzelan. Kontraportadako irudia, berriz, Aitor Elortza Unanuerena da. Elortzak 1980. urtean ihes egin zuen Algortatik, eta atxilotzeak, errepresioa eta jazarpena jasan zituen erbestaldian. Iragan urtarrilean hil zen. «Auzitegiko medikuek heriotza naturala izan zela esan zuten, baina erbestearen eta jazarpen polizialaren ondorioz hil zen», adierazi zuen Mitxel Sarasketa preso ohiak ‘‘Ataramiñe’06’’ agerkariaren aurkezpenean.Ale horrek Elortza omendu nahi du bere orrialdeetan barna, eta horretarako haren margolanak erakusten ditu. Kontraportadakoaz gain, beste hamabi bildu dituzte. «Oso sentibera zen, eta akuareletan bere nortasuna ondo islatzen da», aipatu zuen Sarasketak. Gainera, Garikoitz Arruarte, Aritz Saez Insausti, Harriet Agirre, Naiara Mallabia, Asier Kintana, Kepa Etxeberria, Iñaki de Juana Chaos, Fernando Alonso, IñakiGonzalo Casal, Alfoso Etxegarai, Ixone Fernandez, Kerman Urizar de Paz, Oier Gonzalez Bilbatua, Xabier Aranburu, JoakinAgirre, Joxe Karlos Apeztegia, Oskar Barreras, Jokin Urain eta hainbat iheslariren testu eta marrazkiak biltzen ditu liburuak.
Ekarpen handiagoa
Jon Etxeandia argitalpenaren arduradunak atzo azaldu zuenez, azkeneko deialdi honetarako nabarmen igo da erbestean diren euskal militanteen ekarpen literarioen kopurua. «Iheslariek, nola edo hala, hor daudela adierazi nahi digute. Mezu garrantzitsua da bidaltzen digutena, errealitate ikusezin bat erakusten digute lan hauek», gaineratu zuen Sarasketak.Egileen artean, bestalde, Iñakide Juana Chaos dago.Berriki hamabi urteko espetxe zigorra ezarri diote GARAn argitaratutako bi iritzi artikulugatik, eta 29 egun beteko ditu gaur gose-greban. ‘‘Homenaje a un fuguista’’ izenburua du ‘‘Ataramiñe’’rako egin duen narrazioak. «Bere obrek kartzelaren alde gogor eta ilun hori erakusten dute», aipatu zuten. Jokin Urainek egin du bosgarren ‘‘Ataramiñe”ren hitzaurrea. Koadernoak euskal errepresaliatu politikoen literatur ekarpenak bideratzerako balio duela onartu arren, proiektu berrien beharraz mintzo da. Atzoko aurkezpenean azaroan kartzelatik atera zen Olatz Caminos bilbotarra izan zen. Naiara Mallabiaren poema bat irakurri zuen ekitaldiaren bukaeran. Preso ohiak esan zuen errepresaliatuak komunikatzeko behar handia duela. «Bizirik zaudela adierazteko beharra sentitzen duzu, mugitzen zarela, hausnartzen duzula, ideiak dituzula, ez zaudela hilda. Liburu hau aldarria da», esan zuen.
|