Ipuin erotikoen bilduma kaleratu du Txalapartak
·Euskarabila elkarteak antolatutako lehiaketara aurkeztu diren hamazazpi lan jaso dituzte liburuan
BILBO
Basauriko Euskarabilak ipuin erotikoen lehiaketa antolatzen du urtero 1996. urteaz geroztik. Lehenengo sei deialdietara aurkezturiko hainbat narrazio ‘‘Bero hezeak’’ izenburupean argitaratu zituen Txalapartak 2001.ean, Literotura sailaren barruan. Elkartearen hamargarren urtemugarekin batera, azkeneko bost ekitaldietan parte hartutako hamalau egileren lanak bildu dituzte liburu batean. Edorta Jimenez Literoturako zuzendariak ipuin bat erantsi du sarrera modura, eta izenburua eman dio bildumari: ‘‘Basa gurina’’.Jon Aiastui, Olatz Caminos,Arkaitz Errazkin, Xabier Etxeberria, Iskandar Hamawy, Jon Kerejeta, KoldoLarrea, Daniel Martirena, Joseba Molina, AlvaroRabelli, Rafa Ugalde, Mitxelko Uranga, Joseba Zubizarreta eta Janire Lopezenak dira narrazioak. Mikel Soto editorearekin eta Karmele Albizu Euskarabilako arduradunarekin batera egileetako batzuk elkartu ziren atzo Bilbon liburua aurkezteko. Edorta Jimenez ere izan zen. Idazle mundakarrak aipatu zuenez, ipuinetan begirada gehienetan «ironikoa» da. «Lexikoaren aldetik daukagun atzerape- na kontuan hartuta, ekarpen handia egiten du», jarraitu zuen. «Hor frantsesak ateratzen digu alde handia, baita espainolari ere. Frankoren berrogei urteen ondorioak luze pairatu beharko ditugu», iritzi zion. Bertaratutako idazle gehienentzat literaturan lehenengo esperientzia izan da Euskarabilaren lehiaketarena. Olatz Caminosen kasuan espetxean zegoela idatzi zuen ‘‘Saudade’’. Caminosek esan zuen presoa «pertsona bortitz gisa» saldu nahi zaigula, eta espetxean ere erotismo eta sentimenduentzat lekurik badela. Era berean, lehiaketan emakumezkoen presentzia urriaren gainean aritu zen. «Gizonezkoen esparrutzat hartzen da literatura mota hau, eta emakumeek idatzitakoa lizunagotzat jotzen da», kexatu zen Caminos. Mikel Sotok mahai gaineratu zuenez, ordea, kontsumitzaileen artean neskak dira nagusi. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan iaz izan zuen esperientziari erreparatuz, Txala- partaren salmahaira literatura erotiko eske joan zirenak 15 eta 30 urte bitarteko emakumeak izan ziren gehienbat.
|