GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-05
Nothomb-en «Katilinarenak» plazaratu du Igelak
·Agatha Christie-ren «Katua usategian» eta «Heriotza Nilo ibaian» ere, euskaratuta

Amelie Nothomb-en «Katilinarenak» plazaratu berri du Igelak, Joxan Elosegik euskaratuta. Nobela honetan ere absurdu eta umore beltzaren bidetik jotzen du idazle belgikarrak, merkatu frankofonoan sekulako arrakasta duenak. Agatha Christie-ren «Katua usategian» eta «Heriotza Nilo ibaian» ere euskaratuta plazaratu ditu Xabier Olarrak zuzentzen duen argitaletxeak.

DONOSTIA

Bakardadea bilatzen duen erretiratu bikote batek ez du bakerik izango, auzoko mediku bat arratsaldero joaten baitzaie bisitan. Solaskide ona balitz, tira, baina «mutua» da. Hantxe jarri eta besteak dira hari hitzak banaka eta berebiziko esfortzua eginez atera behar dizkiotenak. Anekdota sinple hori oinarri harturik, Amelie Nothombek, betiere umore beltza lagun, gero eta egoera absurduagoak planteatzen ditu Igelak euskaraz argitaratu berri duen “Katilinarenak” nobelan.

«Nothomb Kafkaren ikasle aurreratua dela esan izan da ­gogora ekarri zuen atzo Xabier Olarrak­. Horixe frogatzen da nobela honetan».

“Katilinarenak” ez da Igelak argitaratu duen Nothomben nobela bakarra. Izan ere, Joxan Elosegik berak euskaratuta, 2003an “Durduzaz eta dardaraz” ere argitaratu zuen.

Japonian jaio arren ­aita han diplomatikoa zuelako­, Amelie Nothomb belgikarra da, eta sekulako arrakasta du merkatu frankofonoan. Sari dezente irabazitakoa da, horien artean, Frantses Akademiarena. Aurten ere Goncourt sarirako hautagaietako bat izan da.

Nothombena ez ezik Agatha Christieren bi nobela ere plazaratu ditu Igelak, “Katua usategian” eta “Heriotza Nilo ibaian”, Koro Navarrok eta Xabier Aristegietak euskaratuta, hurrenez hurren.

Aristegietak gogorarazi zuenez, Ingalaterratik kanpo girotu zituen eleberrien artetik “Heriotza Nilo ibaian” (1937) zuen gogokoen Christiek berak. «Nobela honetan ­gaineratu zuen­, Christiek uztarturik eskaintzen dizkigu lan guztietan ohikoa den zirrara eta kokaleku paregabe baten exotikotasuna».

“Katua usategian” ere Christieren libururik kutunetako bat da. Navarrok zera nabarmendu zuen: «Emakumeen liburua da, generoko literatura oraindik asmatu gabe zegoenean idatzita badago ere. Emakumeak dira hildakoak, hiltzaileak eta lekukoak. Gizon tonto samar batzuk ere badira, baina koadroa osatzeko. Eta Poirot, noski, beharrezkoa delako».

Navarrok gogora ekarri zuen Christiek ez zuela goi asmo literariorik, eta entretenitzea baino ez zuela helburu. «Baina eskerrak eman beharrean gara ­esan zuen­ gau askotan bere liburu bat hartuta gustura oheratzeko aukera eman digulako». Olarrak ere esan zuen Christieren liburuok argitaratzen dituztela batez ere irakurzaletasuna pizteko aproposak izan daitezkeelako. Dagoeneko bost euskaratu ditu Igelak.



Christie desagertu zenekoa argitu du Navarrok
M.A.
DONOSTIA

Agatha Christieren bizitzan bada misterio bat. 1926an, hamabost egunean ez zen inon ageri, harik eta bainuetxe batean ezizenarekin erregistratuta aurkitu zuten arte. Inoiz ez zuen desagertze horri buruzko fundamentuzko azalpenik eman.

Alabaina, Koro Navarrok, Poirotek egingo lukeen antzera, misterio hori argitzeko hipotesi bat plazaratu du. Horren arabera, Christie, egun horietan, Euskal Herrian egon zen. Navarrok umorez hitz egiten du, noski, baina ez hitz egite aldera. Izan ere, idazleak Biarritzen Man Rayrekin egin omen zituen harremanak «dokumentatzen» ditu.

Urte batzuk geroago, berriz, arkeologo batekin ezkondu zen Christie. Horren bidez izan omen zuen Veleiakoaren berri. Navarrok honakoa dio: «Badugu zenbait datu (oraingoz ezin dugu besterik esan) hango grafitoak irakurri zituela pentsatzeko... Agathak ez zuen ezer esan, nola esango zuen, beharrezko frogak egin aurretik». Hortik aurrerakoak irakurleak berak topatuko ditu igela.com-en “(Ag)ata sutan dago” izenburu esanguratsua duen testuan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sainete para la pesadilla que no acaba
Kirolak
Diputación dará 830.000 euros anuales para la cantera
Euskal Herria
«La decisión popular no puede estar cautiva de la Constitución», subraya LAB
Jendartea
Escasos recursos para corregir políticas
Mundua
Chávez logra su tercer mandato con una victoria incuestionable
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss