Baketik-eko ikastaroetan 1.323 lagunek eman dute izena jada
Arantzazuko Bake Zentroak balorazio positiboa egin zuen atzo Bider Mila proiektuak izan duen erantzunaz. Abian ipini zutenetik, urriaren 14tik, 1.300 lagunek baino gehiagok eman dute izena Baketik-eko ikastaroetan. Jonan Fernandezek adierazi zuenez, datu horiek islatzen dute «etorkizunari bultzada emateko prest dagoen masa kritikoa» dagoela.
DONOSTIA
Joan den urriaren 14an zabaldu zituen ateak Arantzazuko Bake Zentroak. Jonan Fernandez da bertako zuzendaria. 2008a baino lehen, mila berradiskidetze eragile trebatzea du lehen egitasmoa, eta helburu hori lortu nahian Bider Mila deritzon proiektua ipini zuten martxan; 2006-07 ikasturterako Baketik-eko jarduera nagusia da hori. Duela bi hilabete baino gutxiago aurkeztu zuten, eta, ordutik, 1.323 pertsonak eman dute izena antolatutako ikastaro- etan, Jonan Fernandezek atzo azaldu zuenez. Harekin batera Gorka Landaburuk etaArantxa Urretabizkaiak esku hartu zuten agerraldian, Errektore Kontseiluko kide baitira. «Datu esanguratsua eta itxaropentsua da. Bake prozesuak zailtasunak dituen arren, etorkizunari bultzada emateko prest dagoen masa sozial kritiko eta konprometitua dagoen seinale da», esan zuen Fernandezek.
Parte-hartzaileen profila
Kopuru zehatzei dagokienez, Arantzazun egingo diren ikastaroetarako 441 pertsonak eman dute izena, eta 882k Arantzazutik kanpo egingo direnetarako. Guztira, 1.323 lagun. Horrez gain, jada 560 pertsonak egin dute ikastaroa. Era berean, bi orduko hitzaldi laburretan edo Baketik-en aurkezpenetan 985 lagunek esku hartu dute.«Parte-hartzaile gehienak emakumeak dira. Gehienbat, jubilatuak, unibertsitateko ikasleak, zuzenbide edo psikologia alorretako profesionalak, irakasleak eta euskal gatazkan interesa dutenak etorri dira ikastaro hauetara», adierazi zuen Baketik-eko zuzendariak. Haren hitzetan, datu horiek esan nahi dute gatazkaren inguruan gizarteak dituen interes ardatzak euren bertsio klasioenetatik etikarekin, humanismoarekin eta bizikidetzarekin lotutako interes puntuetara bide- ratzen egon daitezkeela. «Gizartea bost edo sei urtez aurreratu zaio bake prozesuari», ondorioztatu zuen. Ildo horretan mintzatu zenLanbaburu. «Harrera izugarri horrek argi erakusten du gizartea ez dagoela prozesutik at. Baina, bakearekin ez da den-dena konpontzen, eta elkarbizitzen ikastea lehen urratsa izan behar da», helarazi zuen.
«Berraskidetzea elkar errespetatzea da»
DONOSTIA Donostian egin zuen agerraldian, argitaratu berri duen “Ser humano en los conflictos” liburua aurkeztu zuen Fernandezek. Adierazi zuenez, «berradiskidetzea prestatzen laguntzea» da lan horren ardatzetako bat. «Kontzeptu horren gainean nahaste eta beldurrak daude, eta horiek argitzea komeni da». «Berradiskidetzea errespetuan eta elkar onartzean oinarritutako bizikidetza berreskuratzea da. Ez da berriro lagunak izatea, elkar errespetatzea baizik. Ez da biktimen betebehar bat, gizartearen ardura da. Ez da iragana lurperatzea, oroimen kritikoa baizik. Iragana, oraina eta etorkizuna ikusteko modu bat partekatzera heltzea da», azaldu zuen. «Esperientzia, kezka eta intuizioak» bultzatu zuen Fernandez liburua idaztea. «Eskaintzen duenaren arabera, uste dut lautan laburbildu daitezkeela bere ekarpenak; gatazkei aplikatutako etikari buruzko gogoeta, gatazkei aurre egiten ikasteko abiapuntuak, konponezinak diruditen gatazkei heltzeko proposamena eta biktimen eta berradiskidetzearen gaiak jorratzeko gogoeta eta proposamen multzo bat», helarazi zuen.
|