Nafarroa Behereko biztanleak 2x2aren kontra aritzeko prest
Joan den ostiralean Leiak Lasan egin zuen lehen biltzar publikora 150 lagun baino gehiago joan ziren, eta Nafarroaz gaindiko errepidearen kontrako taldearen datuak entzun eta gero, biztanle asko hurrengo asteetako ekintzetan parte hartzera engaiatu ziren. Berdeek UDFko presidente François Bayrou-ri gutun ireki bat idatzi diote 2x2aren kontra.
BAIGORRI
Lasan eta Izpuran biltzar publikoak egin ondoren, hitzordua Larzabalen izanen da bihar, arratsaldeko zortzi eta erdietan, herriko etxeko aretoan. Asteburuan egindako biltzarretan bildutakoek ondorio zehatz bat atera dute: Nafarroaz gaindiko errepideari edo 2x2 bideari aurre egiteko era bakarra dago: «Ekintza eta mobilizazioak arin egitea, jende askorekin eta elkartasunezkoak». Ekintza horiekin, Leiako kideek eta Nafarroa Behereko biztanleek Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Foru Gobernuari erakutsi nahi diete bultzatzen duten egitasmo osoaren kontra daudela.Botere politikoei Nafarroaz gaindiko errepidea herriak arbuiatzen duela erakusteko, Paueko Kontseilu Nagusiko egoitzaren aurrean ekintza bat prestatu du Leiak. Ostegunean, osoko bilkuran, 2007ko aurrekontuak bozkatuko dituztenez, kontseilariei kontra daudela helarazteko protesta bat antolatuko dute goizeko bederatzietan. Bertaratzeko autobus bat antolatu du Leiak dohainik. Goizeko zazpietan Donibane Garaziko Jai Alaitik aterako da; zazpiak eta laurdenetan Larzabaleko biribilgunean egongo da, eta zazpi eta erdietan Donapaleuko herriko etxearen aitzinean. Azken herri horretan egingo dute abenduan Ipar Euskal Herrian egiten ari diren adostasun hilabetea bukatzeko manifestazioa. Heldu den abenduaren 30ean izanen da eguerdiko ordu bi eta erdietan. Errepide horrek hasieran autobide bat izan behar zuela eta gizartearen aurkakotasunari esker, botere politikoek egitasmoa berrikusi behar izan dutela oroitu zuten Leiako kideek. Orain, hitz goxoekin, kamioien igarobide izanen den bide bat ezarri nahi dutela nabarmendu dute, eta gizartea mobilizatzera deitu dute, esan zutenez. Euskal Herriko Berdeen gutuna Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko Berdeek UDF alderdi politikoko presidente François Bayrou-ri gutun ireki bat idatzi diote Nafarroaz gaindiko errepidearen egitasmoa geldiarazteko. Bayrou jaunaren alderdi politiko berekoak dira egitasmoaren babesle nagusietakoak, Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko presidentea eta Jean Lassalle diputatua. UDFko presidenteak «hitzarmen ekologikoa» sinatu berri du, eta bere alderdiko kideekin hitz egitera gonbidatzen dute Berdeek Bayrou jauna. Hitzarmena hitz politak esatea baino gehiago dela oroitarazi diote.
|