DONOSTIA
Euskal preso politikoen eskubideak babesteko urriaz geroztik Euskal Herria zeharkatzen ari den ekimen ibiltaria Leioako, Ibaetako eta Gasteizko unibertsitate campusetara iritsi zen atzo osteguna bitarte egongo diera baraurik, joan den larunbatetik Baigorrin, Donostian eta Iruñean gose-greba ibiltarian ari diren makina bat lagunekin bat eginda.Horrenbestez, Askatasunak ekimen ibiltariaren bidez egiten dituen hiru eskaera nagusiek atzotik eremu berriak dituzte zabalpenerako. Gasteizen, 42 ikasle ari dira barau egiten; eta Ibaetan, berriz, 14. Guztietan, gainera, goizean eta arratsaldean hainbat ekimen egingo dituzte egun hauetan euskal preso politikoen eskubideak babesteko. Horiek hala, unibertsitateetako eragile akademiko eta sindikalekin harremanak izango dituzte hainbat konpromiso bere egin ditzaten. Izan ere, gaixotasun larriekin gatibu dituzten euskal herritarrak eta, oro har, espetxe zigorra betea izan arren preso dituzten herritarrak aska ditzatela eskatzearekin batera, euskal preso politikoen hezkuntzarako eskubi- dea estatuek urratzen dutela salatuko baitute unibertsitateetako gose-grebalariek.
Ibaetan egunero elkarretaratzeak egingo dituzte 12.30ean, baita eragileekin bilerak ere. Asteazkenean barau eguna antolatu dute, eta itxialdia egingo dute gauean. Ostegunean bi orduko geldialdia egingo dute.
Era berean, Donostian (12 lagun), Iruñean (20 lagun inguru) eta Baigorrin (7 lagun) ere astebeteko gose-grebak egiten ari dira. Nafarroako hiriburuan, atzo, “Diario de Navarra” egunkariaren egoitzaren aurrean elkarretaratu ziren «Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren inguruko manipulazioa eta infor- mazio eza» salatzeko. Askatasunak gogor salatu zuen igandean Polizia espainolak gose-grebalari horiekin izandako jarrera.
Bestalde, Iñaki de Juanak 36 egun bete ditu gaur azaroaren 7an berriro gose-grebari ekin zionetik. Gainera, atzo, De Juanaren errekurtso bat ezeztatu zuen Auzitegi Nazional espainolak. Donostiarraren osasuna kontrolatzearren, neurriak hartzeko epaia kaleratua zuen epaitegi bereziak; tartean, behar denean ospitalera eraman dezatela eta espetxeko ziegan bigarren preso bat barneratzea. De Juanak erabaki horren aurka egin zuen, eta Auzitegi Nazionalak helegitea atzera bota eta erabakia berretsi du.
Beste preso baten gaineko berririk ere izan zen atzo;Andeka Jurado barakaldarraren ingurukoa, hain zuzen. Basaurin dute kartzelatuta, eta senide baten hiletara eraman zuten jaioterrira. Bizilagunek GARAri adierazi ziotenez, ertzainez josita egon zen ingurua, eta azkenean «jendearen kontra oldartu ziren eta bi lagun zauritu zituzten: bati burua ireki diote eta besteak kolpeak ditu gorputz osoan;puntuak eman behar izan dizkiote ukalondoan».
Presoen alde, gainera, 20 lagun elkartu ziren Zaldibian, 20 Astigarragan, 27 Leioan, 11 Euban, 25 Urdulizen eta Sopelan, 14 Añorgan, 28 Berangon, 45 Iurretan, 23 Otxarkoagan, 47 Laudion eta 30 Rekalden.
Sakabanaketa politikak beste istripu bat
eragin du
Jon Aingeru Otxoantesana Nanterre espetxe frantsesean gatibu duten ondarroarraren neska-lagunak eta beren zazpi urteko haurrak errepide istripua izan zuten larunbatean, kasik 900 kilometrora dagoen presondegian bisitan egon eta gero. Nahiz eta zauri fisiko larririk ez izan, autoa ezertarako balio ez duela gelditu zen Itziar parean autobidean istripua gertatu eta gero. Bi senitartekoak Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten, eta igande goizaldean atera ziren bertatik. Etxerat-ek istripua gogor salatu zuen. -