Euskararen eta immigrazioaren gaineko jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak
«Aniztasunean» izenburupean, hilaren 18an eta 19an, Bilboko Sarrikoko campuseko areto nagusian, «euskara eta immigrazioa hezkuntza sisteman uztartzeko beste urrats bat egiteko» jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak. Pirritx eta Porrotx pailazoak Ayoub Atxuriko eskolan ikasten duen ume arabiarrarekin izan ziren aurkezpenean. Hirurek hau eskatu zioten Olentzerori: «Euskara eta amazigha, gaztelania eta arabiera, baita ingelesa ere ondo ikasteko laguntza».
BILBO
Pirritx eta Porrotx pailazoek, beren asto ospetsuarekin, eta Ayoub El Hachioui Atxuriko 9 urteko ikasleak Olentzerori eskaera bat eginda abiatu zen atzo «Aniztasunean» izenburuko jardunaldien aurkezpena Bilbon. Ayoubek irakurri zuen gutunean eskaera garbia egin zion ikazkinari: «Euskal Herrian bizi eta euskal herritarra naizenez, euskara eta euskal kultura ondo ezagutu nahi ditut, baina gurasoen hizkuntzak eta kultura gorde nahi ditut. Eskatu nahi dizudan oparia laguntza da; euskara eta amazigha, gaztelania eta arabiera, baita ingelesa ere ondo ikasteko laguntza». Mezuak bilatzen duen integrazio horren bidean, egungo egoera aztertzea eta horren gaineko «ekarpenak, ideiak eta bideak» ematea dute helburu Kontseiluak antolatutako jardunaldiek. Etorkinen Nazioarteko Egunean bertan hasiko dira, hilaren 18an, eta Xabier Mendiguren Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu zuenez, sarrera doan den topaketa horietan euskara, immigrazioa eta hezkuntza komunitateko eragile guztiek har dezakete parte. «Izena eman besterik ez dute egin behar», adierazi zuen. Hau ez da, halere, Kontseiluak gaia lantzen duen lehenengo aldia. Izan ere, azken bi urteetan Lakuako Hezkuntza Sailarekin sinatutako hitzarmen bati esker, bederatzi egitasmo gauzatu dituztela gogorarazi zuen Mendigurenek. Azterketa sakon horren edukia jardunaldietan zabaldu eta hausnarketarako gune bat eskaini nahi dutela esan zuten. Jardunaldiak 9.30ean hasiko dira Sarrikoko campuseko areto nagusian, eta Mario Zapata soziologoak egindako oinarrizko diagnostikoa izango dute abiapuntutzat. Lau hitzaldi, mahai-inguru bi eta hiru lantegi izango dira. Azken hiru lan-talde horiek «Euskara eta hizkuntza-integrazioa», «Etorkinak euskarazko irakaskuntzara erakartzeko bideak» eta «Eragile ezberdinen arteko elkarlanerako oinarriak» gaiez mintzatuko dira. Euskal Herriko adituek parte hartuko dute, eta Kataluniatik etorriko diren adituen garrantzia aipatu zuten antolatzaileek. «Gai honetan guk baino eskarmentu handiagoa dute han», nabarmendu zuen Xabier Mendigurenek.
|