DONOSTIA
Gaztea da Arrasateko unibertsitatea; bederatzi urte ditu, baina Iosu Zabala errektorearen aburuz, lekua aurkitu du goi mailako irakaskuntzan. Hainbat berezitasun ere baduela aipatu zuen atzo: «Oso ondo hartzen ditu gizarteak gure unibertsitatean ikasi duten pertsonak; garrantzi handia ematen diegu ikerketari eta garapenari eta enpresekin dugun harremana ere ez da ohikoa». Egindako lanarekin kontent baldin badaude ere, erronka ugari dute, eta horregatik abiatu dute eraldatzeko eta egokitzeko prozesua. Gizarteak, enpresek eta unibertsitateen komunitateak Mondragon Unibertsitateak ematen duen prestakuntzari balioa ematea nahi dute, eta horretarako ikasleengandik ahalik eta hurbilena egoten eta babesten ahaleginduko dira. Ikasketak bukatutakoan lanerako prest egon daitezen ere saiatuko dira.
Ikerketa sustatzen ari diren eragile guztiek elkarrekin lan egiteko unea dela ziurtatu zuen Zabalak. Garapena modu integratu eta koordinatuan lortu behar da errektorearen ustez. «Enpresek, teknologia zentroek, unibertsitateek eta gainerako eragileek produktu eta zerbitzu berriak garatu behar dituzte herrialdeak martxan jarrai dezan».
«Pertsona ekintzaileak ez dira orain arte behar beste baloratu, eta horretan saiatuko gara gu plan integralaren bitartez. Enpresa-proiektuak eta berrikuntzaren kultura sustatu, lana sortu eta lehiakortasuna hobetuko dugu. Gaurtik aurrera, askotariko proiektuak abian jarri ahal izateko tresnak eta programak izango dituzte ikasle eta irakasleek. Enpresek, berriz, ekimenak ikertzeko eta gauzatzeko unibertsitateko zerbitzu bat izango dute eskura», azaldu zuen Iosu Zabalak.
Mondragon Ekiten da unibertsitateak sortu duen baliabide bat. «Proiektu bat abian jartzerakoan funtsezkoa da enpresa sortu aurreko lana. Nahitaezkoa da negozioa bideragarria den aztertzea. Ikuspegi horretatik begiratuta, behatokia da Mondragon Ekiten, enpresak abian jarri aurreko etapa guztiak garatzea helburu duena», argitu zuen. Proiektua unibertsitatekoa bada, behin errentagarria dela egiaztatuta, Mondragon Unibertsitatearen eta Arrasateko Saiolan Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren zeregina izanen da martxan jartzea. Sustatzailea enpresa bat izanez gero, ordea, berea izanen da abiarazteko ardura.
Mondragon Ekiten zerbitzuak hainbat jarduera ditu besapean: prospektiba ikerketak, garapen jarduerak, ekonomia eta finantza ikerketak eta negozioa bera sustatzea, hau da, enpresa sortzea eta jarduera garatzea.
Bertze programarik ere badu Mondragon Unibertsitateak, oinarri teknologikodun enpresei begira egina. Ekimen horren bidez, ikerketa-proiektuak enpresa-proiektu bihurtzeko aukera izanen dute irakasleek, Iosu Zabalak azaldu zuenez. Programa jaioberria izan arren, dagoeneko eman ditu fruitu batzuk: etxeko olioa birziklatzeko proposamena egin du irakasle batek eta aeronautika sektorearekin lotutako ekimena aurkeztu du bertze batek.
Esparru akademikoan ere laguntzen diete ekintzaileei, Enpresa Proiektuen Zuzendaritzako Masterraren eta Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaturaren bidez.
«Herrialdearen kontua da gaur
unibertsitatea»
Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabalaren iritziz, unibertsitatea herrialdearen kontua da. «Proiektu garrantzitsua dugu eskuartean, garapenari ekarpena egingo diona», baieztatu zuen atzo. Europako goi mailako irakaskuntzan erabat integratzea dute xede, euren profila babestuta betiere. Industria taldeekin duten harremana da berezitasunetako bat. «Ez MCCrekin soilik, ikasleen %70 beste enpresa batzuetan ari baita beharrean», argitu zuen Zabalak. -