GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-12-12
Txillardegi - Idazlea
Amuritzak punttua jarri

Xabier Amuritza jubilatu egin da joan den maiatzaren 3an, eta Berrizko “Sorozahar” bere etxera erretiratu.

Horixe da GARAn, urriaren 15eko alean, Joxean Agirre gazetariak burututako elkarrizketaren bitartez ikasi duguna.

Eta berak jarritako punttuari guri dagokigu orain erantzutea.

Gauza interesgarri mordo bat gogorazi digu Xabierrek. Nork ez du gogoan (nire belaunekoen ar- tean behintzat) “gogor” apaiz taldearen gerta- kariak, eta hamar euskal apaizak Zamorako gartzelara sartu izana?

Elkarrizketaren amaieran geroari buruz plazaratu duen gogoeta larri hau da funtsezkoena, ene ustez: «Euskal Herri independentea zaila baina posible ikusten dut... Askoz ere zailagoa ikusten dut Euskal Herri euskalduna lortzea».

Eztabaida zaharretara garamatza honek.

Baina zentzuz jokatuko badugu, eta Amuritza nor izan den eta nor den dakigularik, pentsakor utzi behar gintuzke. Eta jarri digun punttua zentzuz eran- tzuteko moduan paratu.

«Deja, deja, Joseluis» ­esaten zidan behin Parisen jeltzale famatu batek­. «Ya te conocemos: eres un extremista. Ya cogeríamos, ya cogerías tú también, una Euskadi libre sin euskera». Franco bizi zen oraindik.

Eta nik, zurturik, honela erantzun nion: «¿Y para qué queremos una Euskadi libre sin euskera?».

Haren irizpide bitxia ez da inondik ere gainditu. Askoren hizkuntza praxiak erakusten digu egunero maila guztietan.

Galdera horixe izan da giltzarri nazio pizkunde askotan. Ezen, zein da borroka abertzalearen helburua? Zertarako edo zeren zerbitzutan, nazio kulturari uko egin, eta aldamenekoaren gunez eraikiko litzatekeen «Estatu Askatua»?

Eire (Irlanda) dugu kasorik zirraragarriena. Gaelikoa Museo ikur bihurturik, Eire Estatua zertarako? Horretarako alferrik hil ziren Pearse, Connolly, Bobby Sands, eta beste mila. Ez zuen balio. Bidezkoago «britaindar leial» aldarrikatu, eta kitto.

Hor porrota egon da; baina aitortzea latza da.

Behin eta berriz lehendakaria izan zen Eamon de Valera (bera «gaeliko-zale» porrokatua, eta «gaelikodun berri» izanik) honela mintzatu zitzaion behin Liga Gaelikoaren Batzar Nagusiari: «Eire bere hizkuntzaz horniturik, nahiz askatasunik gabea, hobesgarria da Eire askatua baina bere hizkuntzaz gabetua baino». («Is prefera- ble» irakurtzen dugu Tony Crowley historilariaren jatorrizko esaldian; «hobesgarri» euskaraz, hobesteko modukoa).

Joxe Azurmendik zehazki eta luze gogoratu du Unamunoren jarrera bere azkeneko liburuan (“Españaren arimaz”; 83-146 bereziki): «¿El vascuence? ¡Hermoso monumento de estudio! ¡Noble ejecutoria! Enterrémoslo santamente, con dignos funerales, embalsamado en cien- cia; leguemos a los estudios tan interesante reliquia» (103-104).

Zeren-eta, Unamunoren ustez, «el vascuence se muere por ley de vida».

Hots, mirari pilo bat azaldu behar zukeen Unamunok, eta ez zuen egin: zergatik ordezkatzen du espainierak Irunen, eta frantsesak Hendaian? «Por ley de vida»? Zergatik desagertzen ari da espainiera Filipinetan eta New-Mexicon; eta frantsesa USAko Louisianen, eta Belgikako Antwerpenen?

Galdera asko agertzen da. Eta begiak hetsiz, edo xinplekeriak barreiatuz, ez dugu ezer konponduko.

«Dadme la independencia y una gramática, y el futuro de la lengua vasca queda garantizado». Gezurra. Horra Irlanda.

Orain dela 500 urte idatzi zuen Lorenzo Valla italiar errenazentistak: «Lehenago jaregiten dutela zapaldutako herriek harmen uztarria, hizkuntzaren uztarria baino».

Areago Espainiaren kondaira etnozida ezagututa.

Espainiak ez du inoiz onartu iberiar penintsulan lau nazio daudela, eta ez bakar bat. Catalunya eta Euskal Herria asimilatzeko helburua tinko dago gaur eta betidanik .

Eta Galiza eta Portugal iresteko saioak ez dira gaurkoak. Galizaren iresketa guztiz aurreratuta dago. Eta Portugalena bera ere amets zaharra da.

Portugal kinka larrian egon zen 1580-1640 urteetan (Felipe II, III eta IVren garaian). Ikus honi buruz Pilar Vásquez Cuesta irakaslearen liburu bikaina: “A Língua e a Cultura Portuguesas no tempo dos Filipes”, 1986.

“Monarquía Dual” zeritzon ipuin politikoaz baliatuz, Portugal «integratzen» saiatu zen Espainia, «facer de Portugal una província espanhola... Portugal terá de defender-se tenazmente da secular tendência castelhana para absorver as restantes nacionalidades da Península».

«Pela sua aparente falta de brutalidade, a agressâo linguística é um dos processos mais eficazes para crair dependências que regista a História». (P. V. Cuesta)

Egia du Amuritzak. Arrazoin asko dago kezkaturik egoteko. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
El genocida no recibirá funerales de Estado y sólo será despedido con honores militares
Kirolak
«Sin compromisos, no hay apoyo»
Mundua
La UE congela parcialmente la adhesión turca
Euskal Herria
Campusetara ere heldu da presoen aldeko ekimena
Jendartea
Unicef constata que la igualdad de género es prioritaria para el progreso humano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss