GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-12
Uxue ALBERDI | Xenpelar sariaren irabazlea
«Ezustekoa izan da, apirilean egin bainuen jendaurreko lehen saioa»

Badaude, eta ez dira gutxi, ondo idazten duten bertsolariak, eta egon behar zuen, bakarra izanda ere, bertsotan ondo egiten zuen idazlerik, eta Uxue Alberdi izan daiteke hori. Igartza saria irabazi zuen ipuin bilduma entregatu berritan jantzi baitu Xenpelar sariko txapela. Aurrera begira zer egingo duen, idatzi ala bertsotan? Bietan jarraitzeko asmoa duela erantzun du. Elgoibartarra da; 22 urte ditu; Santutxuko bertso eskolan dabil eta Bilbon bizi da.

­Ezustekoa izan al da zuretzat saria irabaztea?

Apirilean kantatu nuen lehen aldiz jendaurrean. Bertso eskolan lehenagotik nenbilen, baina apirilean animatu nintzen Plazatik Gaztetxera txapelketan kantatzera. Oso urduri jarri nintzen txapelketa horretan, eta ez nuen batere gozatu. Geroztik, ordea, bertso afarietan eta horrelakoetan gehiagotan kantatu izan dut; eta oso ondo pasatu dut, gainera. Bi gauza ezberdin dira bertso afari batean eta txapelketan kantatzea.

­Nolatan hartu zenuen bat-batean hasteko erabakia? Emozio fuerteak bizi nahi al zenituen?

Ez nintzela gai uste izan dut bertso eskolan ibili naizen bi urte hauetan. Lagunen bidez sartu nintzen Plazatik Gaztetxera txapelketan, eta Xenpelar sarira deitu zituzten bertsolari gehienak ere lagunak nituen. Jendaurrekoa gustatzen zait; txapelketa da gustatzen ez zaidana. Xenpelar saria ere lagun arteko jarduna izan da niretzat.

­Zer sentsazio izan zenituen ostiraleko saioan?

Inoiz ez da jakiten zer egun izaten den kantatzen hasi arte. Ez da inolako segurtasunik izaten. Ordua iritsi arte lasai egon nintzen, baina saioa hasi zenean ez nekien bertsotarako nengoen edo ez; oso arraro sentitzen nintzen. Baina puntuei erantzuteko ariketa pasatu zen eta gozatzen hasi nintzen, lasaitzen. Seiok lagunak ginen; seiok ari ginen gustura, eta egun polita izan zen. Hasteko, finalera pasatzea ezustekoa izan zen. Beharbada ez nago neure burua bertsotan baloratzera ohitua. Finalean ondo ari nintzela banekien, baina besteak ere ondo ikusten nituen. Lehen fasea bukatzen ari ginela, Unai Muñoak esan zidan hasteko mentalizatzen, bigarren fasera pasatuko nintzela- eta. Xamoa-k ere gauza bera esan zidan. Buruz burukora erabat deskolokatuta pasatu nintzen. Mañontziren doinua ere ez nuen gogoratzen, eta Xamoa-ri galdetu behar izan nion. Buruz burukoan berdin zitzaidan dena, egin beharrekoak eginak nituelako, baina txapela buruan nuela bukatu nuen.

­Kazetaritza ikasketak bukatu al zenituen?

Kazetaritza bukatu nuen eta itzultzaile hasi nintzen lanean, eta, bidenabar, aurten Zientzia Politikoak ikasten hasi naiz. Ikasketa teoriko bat nahi nuen, klasetara joan gabe bada ere, ikasten jarraitzeko. Kazetari moduan ere lantxo batzuk egiten ditut, baina itzulpengintzak askatasun handiagoa ematen dit ordutegia neure erara antolatzeko. Bilbon bizi naiz, beraz, eta Santutxuko bertso eskolan nabil.

­Nork egiten du Xenpelar sarirako hautaketa?

Ereintza elkarteak eta Xenpelar bertso eskolak elkarrekin antolatzen dute saria, eta antolatzaileek hautatzen dute bertsolari taldea. Urtean-urtean aldatuz joan dira, baina aurten hamabi bertsolariri deitu zieten. Bi kanporaketa egin zituzten eta bakoitzetik puntu gehien genituen hirurak pasatu ginen finalera. Unai Muñoa, Beñat Gaztelumendi, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Ander Lizarralde, Oihane Bartra eta ni izan ginen finalean. Buruz burukora Xamoa eta biok pasatu ginen.

­Zertan dago Igartza beka irabazi zuen zure ipuin bilduma?

Bukatuta eta inprimategira bidalita. Otsailean kaleratuko da “Aulki bat elurretan” izenarekin. Suedian girotuta daude, ipuin erdiak-edo han idatzi nituelako. Ipuin solteak dira, baina zertzelada batzuk dituzte, aulkien presentzia esaterako, lotura moduan funtzionatzen dutenak.

­Bertso-paperetan ere ibilia zara. Zein da irabazi duzun azken saria?

Beasaingo Neguko Bertsopaper Lehiaketa irabazi genuen Gurrutxagak eta biok. Saria erdi bana eman ziguten.

­Gai-jartzaile ere izan zara tarteka.

Santutxuko bertso eskolak antolatzen dituen saioetan tokatu izan zait; Bilboko Aste Nagusiko saioetan, esate baterako. Elgoibarko urteroko saioan ere egin izan dut lan hori.

­Xenpelar sariak txapelketan jarraitzera behartu al zaitu?

Bertsotan jendaurrean egiteko gai nintzela neure buruari frogatzeko hasi nintzen kantuan, eta txapelketara ere denok parte hartzen dugun zerbait delako aurkeztu naiz, baina batere lehiarik gabe, lagun arteko giroan. Lehiaz aparte gauza asko dago bertsolaritzan. Txapelketarik gabe ere jarraituko dut bertsotan. Ez naiz oraindik bertsolari sentitzen. Gipuzkoakoan ateratzen banaiz ere, helburu horrekin joan nahi nuke, ondo pasatzeko asmoarekin. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
El genocida no recibirá funerales de Estado y sólo será despedido con honores militares
Kirolak
«Sin compromisos, no hay apoyo»
Mundua
La UE congela parcialmente la adhesión turca
Euskal Herria
Campusetara ere heldu da presoen aldeko ekimena
Jendartea
Unicef constata que la igualdad de género es prioritaria para el progreso humano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss