GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-12-12
Yusuf gerrillari ohia izango da Acehko gobernadore, lehen datuen arabera
Acehko hauteskundeetan lehen aldiz esku hartu zuten, atzo, GAM taldeko gerrillari ohiek, eta oso emaitza onekin gainera, gobernadore kargua horietako batentzat izango da-eta, lehen datu ofizialen arabera. Indonesiaren menpe jarraitzen duen lurraldeko gobernadorea, gobernadoreordea eta hemeretzi alkate hautatu dituzte, baina behin betiko datuak ezagutzeko bizpahiru aste itxaron beharko da. Tsunamiak eragin zuen bake prozesuaren fruitu dira bozketok.

BANDA ACEH

Inork ez zuen aurrez ikusi Irwandi Yusuf gerrillari ohiaren garaipena. Are gutxiago, bigarren itzuliaren zain egon gabe Yusufek gobernadore kargua eskuratuko zuela. Emaitza harrigarriak izan ditu 29 urteko gerraren eta 2004ko abenduko tsunami ikaragarriaren osteko hauteskunde prozesuak.

2,6 milioi pertsonak zuten botoa emateko aukera GAM Aceh Askatzeko Mugimenduko gerrillari ohiak aurkezten ziren lehen hauteskundean. Aipatzeko moduko gertakizunen berririk ez zuten eman hedabideek.

LSI Lingkaran Survei Indonesia izeneko institutuko ikertzaileek egin dituzten kalkuluen arabera, Yusufek botoen %39 eskuratu ditu. «Oso harrigarria da, begirale gehienek, Acehn bertan eta Indonesian, bigarren itzulia egin beharko zela uste baitzuten», esan du Denny Januar Ali LSIko zuzendariak. Institutu bereko Widdy ikertzaileak erantsi du Indonesiako Gobernuari oso zail egingo zaiola emaitzok onartzea.

Irwandi Yusuf 1960an jaio zen. GAMeko borrokalari gazteen burua da, Acehn azken urteotan garatutako borroka armatuaren bitartez zilegitasuna lortu duena. Jakarta Indonesiako hiriburuan atxilotu zuten, 2003an. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Beraz, tsunamiak espetxean harrapatu zuen eta kartzela bera ere suntsituta geratu zenez, ihes egin zuen.

«Garaipenak Acehko herritarren nahiak betetzen ditu ­adierazi zien kazetariei lehen datuen berri izan zuenean­. Erabateko aldaketa nahi dute, bizitzako alor guztietan, baita agintzeko eran ere».

Hauteskundeok orain bi urte ­tsunamiaren ostean­ abian jarri zen bake prozesuaren ondorio dira. Indonesiako Gobernuaren eta GAMeko ordezkarien arteko elkarrizketak 2004ko abenduan bertan hasi ziren, hasierako lurrikarak eta ondorengo olatu ikaragarriek Aceh eta inguruko beste lurralde asko suntsitu ondoren. Acehn bertan 170.000 inguru hildako zenbatu zituzten.

2005eko abuztuaren 15ean, Jakartako Gobernuak eta GAMek elkar ulertzeko txostena sinatu zuten Helsinkin (Finlandia). Urrats horien ondorioz, 15.000 pertsonaren heriotza eragin duen 29 urteko gatazka armatua konponbidean jarri zuten. Horretarako, bi aldeek gauza ugari albo batera utzi zuten: GAMek armak entregatu zituen eta Indonesiako Armadak Acehn zituen tropa ugari bertatik atera zituen.

Europar Batasunak 82 behatzaile bidali zituen Acehra. AEBek 40 bidali zituzten, eta Acehko eta Indonesiako beste 70.000 ingururekin batera bozak behatu zituzten atzo. Ez zuten nabarmentzeko moduko irregulartasunik sumatu. Glynn Ford Europar Batasuneko behatzaile taldeko buruak uste du beste bi haste beharko direla prozesuaren garbitasunari buruzko iritzia emateko. Hala ere, berak dio pozik dagoela kanpainan eta atzo ikusitakoarekin. Beste behatzaile batzuek nabarmendu zuten esku-hartze indizea oso altua izan zela herrietan, eta txikiagoa hiriburuan. Juan Garriges behatzailea Bener Meriahn egon zen, GAMek indar handia duen lurralde menditsu batean. Herritarrak oso pozik joan omen ziren hauteslekuetara, batez ere bertako alkatea aukeratzeko, Garrigesen arabera.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
El genocida no recibirá funerales de Estado y sólo será despedido con honores militares
Kirolak
«Sin compromisos, no hay apoyo»
Mundua
La UE congela parcialmente la adhesión turca
Euskal Herria
Campusetara ere heldu da presoen aldeko ekimena
Jendartea
Unicef constata que la igualdad de género es prioritaria para el progreso humano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss