Nekazariak babesteko akordioa sinatu dute LABek eta Andaluziako SOCek
Andaluziako SOC sindikatuko Luis Ocañak eta LABeko Bea Martxuetak lankidetza akordioa sinatu zuten atzo, Iruñean. Horiek hala, kanpaina zehatzetara zainzuriarena edota piperrarena, esaterako lan egitera joaten diren nekazariak bai Andaluzian baita Euskal Herrian ere babes bera izatea lortu nahi dute sindikatuek.
IRUÑEA
Urtero lau mila bat langile andaluziar etortzen dira Nafarroara zainzuriaren kanpainan parte hartzeko; eta bertan, gainera, 40 eta 45 egun artean ematen dituzte batez beste.Langile horiek guztiek Euskal Herrian behar bezalako babesa izan dezaten, LABek eta SOCek, Sindicato de Obreros delCampo de Andaluciak, akordioa sinatu zuten atzo, Iruñean.
Bi oinarriko akordioa
Bi oinarri ditu akordioak: «Nafarroara eta Arabara behin-behineko jardueraren bat egitera etortzen diren SOCeko afiliatuek LABeko afiliatuek bezalako aholkularitza juridikoa eta babes sindikala izatea gure sindikatuko Tuterako, Lizarrako, Tafallako, Vianako, Oiongo.... bulegoetan; eta, alderantziz, LABeko afiliatuek aholkularitza-juridikoa eta defentsa sindikala izatea ere Andaluzian lan egiten duten bitartean, SOCeko afiliatuen eskubide berak dituztela», jakinarazi zuen LAB sindikatuko arlo juridikoko arduradunak, Bea Martxuetak. LABeko idazkari nagusi Rafa Diez ere joan zen akordioa sinatzera. «Hitzarmenaren bitartez, jauzi handi bat eman dugu, elkarlan praktikora egin baitugu salto. Bi herrien langileen arteko harremanaren ondorio da, eta klase elkartasunari balio operatiboa ematen diogu teoria hutsetik harago», jakinarazi zuen. «Langileen eskubideen defentsan hormak ez daudela azaldu nahi dugu», gaineratu zuen Diezek. SOCeko Aholkularitza Juridikoko koordinatzaile Luis Ocañak azaldu zuen urtero Nafarroara lau mila bat langile andaluziar etortzen dela zainzuria jasotzeko. «Batez ere Kordobatik, Jaenetik eta Sevillatik etortzen dira, eta oso egoera larrian egoten dira. Euren sorterritik horrenbeste kilometrora egoteak egoera lazgarrian uzten ditu, gizarte laguntzen edota umeen eskolatzearen aldetik.Horrek guztiak argi uzten du langile hauek babestu behar ditugula», adierazi zuen Ocaña koordinatzaileak.
|