- Liga Federala -
Lehen Mailako euskal taldeetatik inork ezin izan du berdinketa bat ere lortu
·Maulek, Nafarroak eta Donibane Lohizunek neurketak galdu dituzte
DONOSTIA
Asteburu oso beltza izan da Liga Federalean, Lehen Mailan dabiltzan hiru euskal taldeentzat batez ere, hirurek galdu baitituzte beren norgehiagokak. Hala ere, ezusterik handiena Nafarroak eman du. Orain arte denboraldi paregabea egiten ari zen, baina herenegun, azkeneko sailkatuaren aurka galdu zuen.Bosgarren multzoko partida horretan, Nafarroa Behereko taldeak 0-9 galdu zuen Saint Paul les Dax taldearen aurka. Emaitzak dena erakusten du, neurketa oso eskasa izan baitzen. Hori-gorriek aurtengo mailarik kaskarrena eman zuten, eta talde ahul baten aurka galdu zuten. Puntu bat bera egiteko ere ez ziren gai izan. Maulek oso irteera zaila zuen Tyrosseren zelaira, eta zuberotarrek ezin izan zuten ezer lortu, 42 eta 9 galdu baitzuten. Landarribilkok egin zituen euskaldunen puntuak, hiru zigor-kolpe gauzatuta. Seigarren multzoan, Donibane Lohizunek 15 eta 12 galdu zuen Orteseren zelaian. Lapurtarrek, gutxienez, puntu gehigarri bat eskuratu zuten. Haisagerrek egin zituen euskaldunen puntu guztiak lau zigor-kolpe gauzatuta. Sailkapenean, bosgarren multzoan, Nafarroa bosgarren dago 20 punturekin; eta Maule, berriz, azken-aurrekoa da 15 punturekin, baina azkenekoarekin berdinduta dago. Seigarren multzoan, Donibane Lohizune hirugarren dago 22 punturekin. Bigarren Mailan, Donapaleuk garrantzi handiko garaipena eskuratu zuen etxean Nogaro 15 eta 12 hartu baitzuen mendean. Tauzinek egin zituen zuri-urdinen puntu guztiak bost zigor-kolpe gauzatuta. Bokalek 12 eta 6 galdu zuen Fumelen taldearen zelaian. Lamothek egin zituen lapurtarren puntuak bi zigor-kolpe gauzatuta. Hirugarren Mailan, bi euskal derbi izan ziren. Lehenengoan, AS Baionakoa 19 eta 6 nagusitu zen Bardozeren aurka. Talde osoak egin zuen entsegua, eta Agerrek lau zigor-kolpe eta transformazio bat gauzatu zituen etxekoentzat. Darrotek egin zituen kanpotarren puntuak bi zigor-kolperi esker. Beste derbian, Angeluk 20-25 irabazi zuen Senperen. Gailletek eta Landartek egin zituzten etxekoen bi entseguak, eta Estainouk bi transformazio eta bi zigor-kolpe gauzatu zituen. Saubadek egin zuen angeluarren entsegua, eta Legalek transformazio bat, drop bat eta bost zigor-kolpe gauzatu zituen. Beste emaitzak hauek izan ziren: Larresoro 15 / Pont Long 10; Mugerre 8 / Villenauve 11 eta Corraze Nay 11 / Hendaia 23.
Ohorezko B Maila
Ohorezko B Mailan, berririk pozgarriena Gernikak eman zuen, denboraldiko lehen garaipena eskuratu baitzuen, eta kanpoan, gainera, 23-30 irabazi zuen, Cornellan. Hernanik ere ez zuen hutsik egin, eta 10-22 nagusitu zen Oviedoren zelaian. Durangok, aldiz galdu egin zuen etxean, 22-32, Alcobendasen aurka. Nazional Mailan emaitzak hauek izan ziren: Eibar 22 / Santander 6; Gaztedi 11 / At. San Sebastian 3; La Unica 14 / Zaragoza 21 eta Fenix 26 / Baztan 10.
|