ELORRIO
“Meando fuera del tiesto” izeneko antzezlanean hainbat gai jorratu ditu taldeak, betiere umorez zipriztinduta, sakelako telefonoetatik hasi eta Hitler eta Franco Hendaian elkartu zirenekora pasatuz, beste gai batzuen artean. Eloi Beato zuzendariaren esanetan, gazteentzat prestatutako antzezlana da, «kultura baino tabernak eta kalimotxoa nahiago dutenentzat». Helburua antzokietara joateko ohiturarik ez duten pertsona horiek erakartzea da, besterik gabe, une atsegin bat igaro dezaten.
Beatorekin batera Gorka Aginagaldek eta Josean de Miguelek sortu dute oraintsu Kunka Producciones taldea eta euren sormen proiektuen ezaugarri nagusietako bat da nagusi oraingoan ere, umorea, alegia.
Eloi Beatok horren aurretik zuzendu dituen bi ikuskizunek “Cocidito Madrileño” eta “Todos Nacemos Vascos” politika dute ardatz, baina oraingo honetan, gaia aipatu arren, ez da bakarra, zuzendariak argitu duenez.
Ordu eta erdian bikote-bizitzaz, lan munduan dagoen behin-behinekotasunaz, zentsuraz eta futbolaz aritzen dira. «Probokazioa eta umore garratza dira lanaren ezaugarri nagusiak, baina ez da horretara mugatzen, txisteez harago, azpian gurina ere badu-eta», gaineratu du.
“Meando fuera del tiesto” lana gaur ikusi ahal izango da lehenengo aldiz Elorrioko Arriola aretoan, eta ondoren Zumaia, Dulantzi eta Gernikara joango da. Kunka Producciones taldearen lehen lanaren estreinaldi ofiziala Gasteizen egingo dute datorren otsailaren 9 eta 10ean, Euskal Herri osora eramango duen birari ekin aurretik.
Antzokietan ikuskizuna eman aurretik hiru aktoreak herri bakoitzeko kaleetan ibiliko dira antzezlana iragartzen. Elorrion, esaterako, “Kunka bai, aburritu ez” zioen pankarta hartuta azaldu ziren joan den asteazkenean. Herritarrek ezusteko ederra hartu zuten guardia zibil bat, polizia nazionala eta beste ertzain bat manifestazioan ikusi zituztenean.