Durangora eraman izan balute barra-barra salduko zuten, orain artean izandako arrakasta ikusita. Izenbururik gabea, tortura salatzeko kontsigna gaiztoa zabaltzeko eskuliburua dela besterik ez dakigu hartaz. Ustezko irakurleek, eta irakurle izan baina kontsignari jarraitu ez diotenek ere, hitzordua dute bihar Elorrion. Zer den irakurtzea, batzar horrek ezin konta ahala amesgaizto, ezin adierazizko oinazeak hartuko ditu bere barnean.
Alegiazko eskuliburu horrek beste pare bat dakarkit gogora. Bata “Ley de Partidos” izenburuduna, demokrazia zaintzeko modurik onena demokrazia deuseztatzea dela erakusten duena. Bestea “Ley del Vascuence”, autoreetako baten arabera, trigonometriaz diharduena.
«Literatura-literatura» ortodoxoek gustuko duten bezala hizpide hartuta “18/98 sumarioa” izenburu erakargarri- koa dugu azkenaldion izarra. Bere estilo traketsa gorabehera, ezin zaio meriturik ukatu, Kafkaren eta Becketten oihartzunak dakarzkigu-eta.
Baina denetan garrantzitsuena, eta kronologikoki ere lehena, “Ley Antiterrorista” da, frantsesez ere argitaratua. Protagonista Egurbidezko Estatuak bere burua defendatzeko sortutako salbuespen egoera da, eta haren betebeharra terroristek beren delituak aitortu eta larrutik ordaintzea. Askotan terrorista ez denak ere terrorista dela aitortuko du, hain da eraginkorra legea. Tortura salatzen duten amarrugileei ere aurre egin behar die, eta hartarako hainbat epaile bereziren laguntza izango du. Tortura salaketak terroristen eskuliburua delakoa irakurri duten froga izango da: horra terroristaren benetako aitorpena. Ez dago gaizki pentsatuta. Ezin uka autoreak Cervantesen oinordeko duinekoak direla.
Genero bereko obra txikiago hauek ere nabarmentzekoak dira: “Tortura-kasu bakanak iraganeko kontua dira”, hamar urtean behin-edo berrargitaratzen dena; “GALitatezko indultuak”, aurrekoaren maiztasun berean berrargitaratua; edo orain dela urte gutxi argitara emandako “Aurpegi hantu belztuak gezurra dio”.
Bukatzeko, poema bat, joan den igandean Pinochetek gogorarazia, haren borreroek hil arte torturatu zuten Victor Jararen kanta bat, hain zuzen: “El derecho de vivir”. Aurreko lan horiek guztiek herri honi ukatzen dioten eskubidea, izatea bera ukatzen baitiote. Herritarrok, gure parte-hartzea erabakigarria dela sinesten badugu, lor dezakegu «el derecho de vivir en paz». -