Bolognako prozesuari buruzko jardunaldiak antolatu ditu IAk
·UPV-EHUk ikasleei informaziorik ematen ez diela-eta, ezjakintasun hori gainditzea da helburua
DONOSTIA
Datorren abenduaren 18an eta 19an, Bolognako prozesua hizpide nagusi izango duten jardunaldiak izango dira Ibaetako EHUren campusean. Ikasle Abertzaleek antolatu ekimenean, Europako Ikasle Foroko koordinatzaile Igor Zulaikak, UPV-EHUko Ikasle Kontseilu Zentraleko lehendakari Galder Gonzalezek, Miguel Urban ikasle madrildarrak eta unibertsitateko irakasle eta ordezkari zenbaitek parte hartuko dute.
Ikasle Abertzaleak taldeak atzo agertu zuenez, gaur egungo errealitatea aztertuz gero, ondorioa garbia da: «Ikasleon eskubideak behin eta berriz urratuak dira: ezin dugu euskaraz ikasi eta ikasleei dagozkigun erabakietan ez daukagu hitzik». Ildo beretik, une honetan ematen ari diren Bolognako prozesuaren aurrerapausoen berririk ez dutela salatu zuen IAk. «Ez dugu gure hitza aldarrikatzeko inongo aukerarik izan. Ikasleoi zuzenean eragiten digun gaia izanik, denon iritzia kontuan hartu beharko litzateke, eta hori ez da gertatzen», salatu zuen talde horrek.
Horrez gain, Bolognako prozesuaren gainean «desinformazioa» dagoela kritikatu zuen, «ikasleok ez baitugu Bolognak gure etorkizunean izango dituen eraginen berri». Hutsune horiek konpontzeko eta ikasleei informazioa emateko helburua daukate jardunaldiek.
|