Parisi euskal presoak hurbiltzeko eska diezaiola galdegin dio Anai Arteak Paueri
Presoen eta haien senideen egoerarengatik arduratuta dagoenez, Anai Artea elkartea aspaldi ari da lanean hurbiltzearen alde. Orain, kontseilari nagusiak interpelatu ditu berriro Parisko Gobernuari sakabanaketa politika bertan behera utz dezala eska diezaioten. Familietako zama ekonomikoa arintzeko, datorren urteko aurrekontuetan «urruntasunak eragiten duen gain kostua» onar dezala eskatu dio Kontseiluari; hots, 173.910 euroko saila.
BAIONA
«Besteen sufrikarioaz hitz egiteak mihia korapilarazten» diela azaldu, eta Anai Arteko kideek azken hilabeteotan egindako lanaren berri eman zuten, atzo, Baionan.Hala, Paueko Kontseiluko lehendakari Lasserreri eta bertako kontseilari guztiei gutun bat igorri berri diete; alde batetik, Gobernu frantsesari Estatuko 87 espetxeetan sakabanatuta dauzkan euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzala eskaera egin diezaion galdegiteko, eta, bestetik, «urruntze neurri onartezin hori dela-eta», senideen itotze ekonomikoa leuntzeko 173.910 euroko diru-laguntza eskatzeko. Battita Larzabalek jakinarazi zuen berrikitan Oloroeko Jean-Pierre Domecq kontseilariak eta Jean Lassalle diputatuak presoak hurbiltzearekin ados daudela adierazi dutela, aurretik hamalau kontseilarik egin zuten moduan. Diru-laguntzaren kopurua zehazteko, familiako, hilean behin bi pertsonaren bisita bat hartu dute kontuan, eta senidea dagoen presondegirako joan-etorria bakarrik kontatu dute; hots, garraio gastua bakarrik. Berrehun bat kilometroko inguruan preso egongo balitz, fami- liakideek izango luketen gastua kendu diote kopuruari, eta, gain-kostu horri aurre egiteko dirua eskatu dute 2007rako. Etxerat-en izenean, bi presoren amek AnaiArteak betidanik adierazitako elkartasuna eskertu zuten, are eta gehiago, beren senideen egoera eta, bide batez, eurena ere, «etengabean okerrera» egiten ari baita. Presoak horren urrun izateagatik harremana mantentzeko dituzten zailtasunak aipatu zituzten, haurrek eta pertsona nagusiek bereziki, «distantzia dela-eta, askotan ezinezkoa izaten baitute bisitetara joatea». Egoeraren larritasunarekin bat, Didier Rouget abokatuak esan zuen «azken hilabeteetako balantzeak gauzak konpontzeko bi estatuek borondaterik ez dutela argi adierazten» duela. Su-etenetik 106 atxilotze izan direla gogorarazi zuen, eta horieta- tik 33 kartzelatu dituztela esan.
Esker ona
Mixel Mendiboure Anai Arteko lehendakariak esan zuen urrian Estrasburgon «euskal gatazka Europara eramateko irekitzen hasitako ateak erabat zabaldu» behar direla, eta esker ona adierazi zien laguntza eman zieten eragileei eta alde bozkatu zuten parlamentari guztiei.
|