«Euskara irabazpidean jarri ahal izateko inflexio puntua» eskatu du Batasunak
Ofizialtasuna eskatzeko, bihar Iruñean kalera ateratzeko deia egin du berriz EHEk, eta ekimena «guztiz garrantzizkotzat» jo du Batasunak. Egungo esparru eta arauek ez dutela ez normalizaziorik ez eta hizkuntzen arteko berdintasunik ekarri nabarmendu ondoren, «inflexio puntu» baten beharra aipatu dute.
IRUÑEA
Batasunak ere bat egin du bi- har Iruñean (Autobus Geltokia, 17.30ean) izatekoa den euskararen ofizialtasunaren aldeko mobilizazioarekin, atzo Nafarroako hiriburuan azaldu zuenez. Gaur bertan Ley del Vascuence delakoaren urteurrena ospatuko da, eta hortik abiatu zen Pernando Barrenak, Mikel Galartzak eta Ainara Armendarizek egindako hausnarketa.«Konstituzio espainolaren umea» izateaz gain, arau horrek lurraldearen zatiketa ezarri zuela eta «euskara berreskuratzea guztiz ezinezkoa egin duela» adierazi zuen Barrenak. «Atzerapausoak emateko tresnatzat» jo zuen mahaikideak. Eta erantzukizuna ezin zaiola UPNri egotzi gaineratu zuen, PSN alderdiak ere gobernua kudeatu baitu azken bi hamarkada hauetan. Behatokiak urtero pilatutako salaketak, bide-seinalizazioaren afera edota unibertsitatean ikasi ahal izateko trabak adibide gisa aipatu zituen Barrenak, eta horiekin zerrenda oso luzea osa daitekeela esan zuen. Hala ere, txanponak badu beste alderik, haren ustez, euskarari bultzada eman baitzaio hainbat arlotan, «herri ekimenaren bidez». «Nafarroa Oinez-a, inkesta soziolinguistikoen emaitzak edo euskarazko matrikulazioen hazkun- dea ez dira aurrera atera erakundeen laguntzarekin, baizik eta erakundeen jarreraren kontra», laburbildu zuen Batasuneko ordezkariak. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan politika ezberdinak daudela zehaztu zuen Barrenak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten dutena batetik, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «legeak ez babestea» bestetik. Eta eredu horiek inoiz ez dutela euskara erdararen mailara eraman nabarmendu zuen. Beraz, hizkuntz politika berriaren alde egiten du Batasunak, Euskal Herri osoa barruan hartuko lukeena eta politika integralez osatua. Horretarako, Batasunak proposamena egina duela gogorarazi zuen, eta hiru oinarri garbi ditu.«Berdintasuna, hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskararen normalizazioa irabazpidean jartzeko inflexio puntua behar dira», adierazi zuen.
|