"Ez dut uste 400 pilotakadako partida ikusiko dugunik igandean"
DONOSTIA
Abel Barriolak ez du uste igandean «pilotakada gehiegi» joko direnik. Leitzakoaren iritziz, Irujok «sekulako erritmoa» sartzen dio partidari eta horregatik «ez da 400 pilotakadako partidarik irtengo». Gainera, berak ere tantoa amaitzeko garaian ez du bi aldiz pentsatuko, Irujoren aurka «zalantzan» ezin delako ibili.Atzoko prentsaurrekoan berretsi zuenez, orkatila «erabat osatuta» dauka eta «munduko fede guztiarekin» irabaztera irtengo da igandean kantxara. Garrantzi handia ematen dio sakearekin asmatzeari eta 22ra heltzeko «pilota gutxi galtzea» ezinbestekoa dela adierazi zuen atzelari nafarrak. Azkenik, argi utzi zuen finala «gozatzeko» unea dela eta 160 sarrera banatu dituela Leitza eta inguruetan. «Gertatzen dena gertatuta ere, 125 pertsonako koadrila bilduko gara igande gauean afaria egiteko», baieztatu zuen Abel Barriolak.
|