Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza ministroek akordioa egin zuten atzo. Nekez bada ere, antxoa harrapaketa arautzeko azken orduko hitzarmena egin zuten. Hiru egunez luzatu den bilera korapilatsua izan da oso, Hogeitabosten artean jarrerak kontrakoak baitziren. Oraingoan ere, euskal arrantzaleak gipuzkoar, bizkaitar ala lapurtar izanda ahotsik gabe geratu dira. Estatu frantsesaren eta espainolaren interesen menpe harrapaturik, finean, Bruselak hartu duen erabakiaren galtzaile dira.
Kontseilua izan aurretik, zuhur baina baikor hitz egin zuen egunkari honetan Bizkaiko Kofradien lehendakariak. Jaime Tejedorrek zalantza ugari zituen antxoa harrapatzeko debekuak aurrera egingo zuen ala ez, baina Bruselako bileran EAEko Nekazaritza eta Arrantza sailburu Gonzalo Saenz de Samaniego izateak lasaitasuna ematen zion. Nolabait euskal arrantzaleen defentsa bermatzeko aukera hobea ikusten zuen Bizkaiko arrantzaleen ordezkariak. Tamalez, Bruselan sinatu duten hitzarmena irakurrita euskal arrantzaleek ez dute etorkizunean baikor izateko arrazoirik.
Ikasgaia mingotsa bada ere, euskal arrantzaleen interesak Bruselan aurrez aurre defendatzekorik ez dagoela, Estatu espainoleko ordezkaritzaren barruan euskal ordezkari bat izanda ere, onartu beharra dago. Zeharka bada ere, arloarentzat ondorio ezin latzagoa duen egoera horren aurrean kexu azaldu zen atzo Samaniego jauna, eta autonomia erkidegoen parte-hartze sistema ez dela egokia aitortu zuen. Bistan da autonomia erkidegoen txandakako parte-hartzea estatuko ordezkaritzaren bar- nean ez dela batere erabakigarria. Izan ere, arazoa ez da teknikoa, gakoa ez da nola aritu horrelako bileretan, funtsezko arazoa da Euskal Herriak eskuduntzarik ez duela bere arrantzaleak babesteko, estatuek osatzen duten EBn ez delako existitzen.
Kuotak edo arrantza moduak zehazteko harreman guztietan agerian da gabezia. Hori esanda, esan beharra dago atzo Samaniego sailburuaren begiradapean EBko ordezkariek hartu zuten erabakia bereziki txarra dela. «Arrantzaldi esperimentala» bultzatuz, kuota zein arrantza moduei buruz inolako mugarik finkatu gabe, gainera, Bruselatik bizkarra ematen diete Kantauri itsasoan arrantza beren bizimodu duten arrantzaleei. Desagertzeko arriskua ekidin ordez, akordioak kolokan jar dezake antxoak bizirik irautea. Euskal arrantzaleentzat atzokoa «arrain eguna» («inozente eguna») izan zen. -