Greba hasi dute Porcelanas Bidasoan, hiru urtez ez dietelako soldata igo
·Langileen arabera, egoera normalizatu du, eta galdutakoa berreskuratu nahi dute
DONOSTIA
Porcelanas Bidasoako langileek greba egingo dute asteartero eta ostegunero, hiru urtez ez dietelako soldata igo. Langileen arabera, grebaren jarraipena «erabatekoa» da. ELA, LAB eta UGT sindikatuek deitu dute greba horretara, eta soldatak KPIren gainetik igotzeko eskatuko dute, «hiru urte horietan galdu dutenaren erdira iristen ez den arren». Langileek adierazi zuten duela hiru urte zuzendaritzak 53 langile kaleratu zituela eta soldatak ez igotzea erabaki zuela «enpresa aurrera ateratzeko».
Hala ere, gaur egun 115 langile dituen enpresa hori egoera konkurtsalean dago (porrot egoeran, hain zuzen), «jadanik zordunekin akordioak hartu dituzten arren». Langileen arabera, gaur egun Porcelanas Bidasoak egoera ekonomikoa normalizatua du, duela bi urte izan ziren kaleratzeak eta egin dituen lurren salmentak direla-eta. «Gainera, lantegi berri bat eraikitzeko proiektua du, saldutako lurretan etxebizitzak eraikiko baitituzte», adierazi zuten langileek.
Azken hiru urteotan, langileen mugikortasuna handitu eta produkzio erritmoa hazi da. Zuzendaritzak soldata igoera produkzio neurrietara baldintzatzen du, eta enpresa batzordeak baldintzarik ez duela onartuko argi utzi zuen. Gainera, kaleratze gehiago egon daitezkeen beldur dira.
|