GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Txokotik 2006-12-27
Mikel Aramendi
Giltzarria

Inguru hauetako hedabideetan albisteak eragin dituen irriak ikusita, delibera liteke Saparmurat Niyazov Turkmenistango lehendakariaren ustekabeko heriotzak poza eta itxaropena besterik ez duela sortu bazter guztietan. Bidenabar, pentsa genezake halabehar hutsez edota bere erkideen ezgauzatasun eta koldarkeriaz mantentzen zela agintean diktadore bitxia. Bere garaian, Idi Amin Dada edo Bokassari buruz adierazten zenaren antzera, alegia.

Mendebaldeko kantzelarien ingurumarietan, hala ere, kezka da irria baino gehiago nabaritzen dena; eta Mendebaldekoak ez diren herrialde handienetan ere halatsu gertatzen dela esango nuke. Agi denez, zendutako zorakiloa Asia Erdialdeko herrialdeen «egonkortasunaren» giltzarria izan zitekeela konturatu bide dira orain batzuk, hura desagertu zaienean. Beste batzuek, ordea, aspalditik zekiten hori eta, irri artean, haren diktaduraren zoramena estaltzen eta isilarazten ahalegindu dira gogotik. Munduko gas natural produkzio eta erreserba handienetakoak eta petrolio ondare aipagarria bere eskumenean zituenarekin giza esku- bidetxo batzuk gorabehera txantxetan aritzea ez baita zuhurra izaten inoiz. Gainera, bere partidu bakarrari «demokratikoa» deitzen zion; zer gehiago nahi duzu?

Horrexegatik, bizitza osorako lehendakaria zen Turkembashi-aren heriotza 66 urte soilekin ailegatu izana endredo galanta da batzuentzat orain. Hark bere lidergoa bermatzeko hartutako errepresio neurri gehienak traba baino ez direlako berehalakoan: ondorengo argirik ez dago, bizimodu politiko eraturik ez dago, talde politiko legalik ez dago egungo Turkmenistanen. Eta pobrezia latzean bizi da herritarren gehiengoa, erregaien salmentaren korrituak usaindu ere egin gabe. Egonkortasun txikia espero liteke, beraz, jada ingurumari aski ezegonkorrez inguratuta dagoen herrialdean.

Egoera honetan, islamismo erradikalenak ongarri gehiagoren beharrik ez dauka, noski. Eta auzo dituen Afganistanen, Uzbekistanen eta aba- rretan dagoeneko garaturik dauden mugimenduek berehala izan dezakete kidekorik Turkmenistanen. Alternatiboki, zio ezberdinengatik zonan interes bizia duten hiru potentziek, Iranek, Turkiak eta Errusiak, ez diote begirik kenduko haren bilakaera politikoari. Eta urrutiagoko potentzia politiko-militarrek ere ez, apustu.

Eroak giltzarri direnean, honelakoak suertatzen dira. -


Mikel Aramendi - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Somalia: guerra y desgracia sin tregua
Mundua
La guerrilla tamil denuncia la actuación del Gobierno de Sri Lanka con la ayuda
Euskal Herria
El euskara, «incapaz» de pasar del instituto a la universidad en Nafarroa
Kirolak
Alba deja la brocha para ir a Lezama
Mundua
Una explosión en un oleoducto de Nigeria causa al menos 500 muertos
Mundua
Etiopía cifra en un millar los muertos causados por su ejército en Somalia
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss