Ione MUJIKA | Alfa-Deco Subconjuntos taldeko ziklo-kros txirrindularia
«Gozatu besterik ez dut egin nahi, pausoz pauso eta egunetik egunera»
Indarberrituta itzuli da ziklo-krosera Ione Mujika. Elgetarra goitik behera nagusitu da Euskal Herriko probetan, eta Euskadiko Txapelketa erraz irabazi zuen Ormaiztegin, baita hainbat lasterketa ere. Horregatik, Espainiakoa du hurrengo xedea gipuzkoarrak, eta Mundukoa du amets. Txirrindulari beteranoa da eta gutxitan lehiatu da;horregatik, mementoa bizi besterik ez du egin nahi, eta ez du etorkizunean pentsatzen.
Denboraldi ederra betetzen ari zara; pozik izango zara, ezta?
Bai, bai, gustura nabil; gauzak ondo irteten ari dira eta pozik nago egindako lanarekin.
Goi mailan ibiltzea eta hainbat proba irabaztea espero al zenuen?
Hasiera batean ez, baina behin aurreneko lasterketak eta nire maila ikusita, ez dut kexarik. Ez dakit zelan, gogor hasi naiz, eta denboraldian horrela mantentzea espero dut. Dena den, bukatu arte itxaron behar dugu. Egia esan, sasoiko nabil.
Ustekabean harrapatu zaituzte lortutako
emaitza horiek ala ziklo-krosean dena emateko prest azaldu zara? Azken urteetan ziklo-krosean aritu naiz, eta berriro ere gogotsu hasi naiz lokatzetan. Zein helburu izango duzu hemendik aurrera?
Euskadiko Txapelketa irabazi dutenez, orain inportanteena Espainiakoa da. Beste goi mailako bat da, eta ikusiko dugu.
Ezbairik gabe, Rosa Bravo duzu aurkari nagusia.
Nahiko gogor dabilen arren, behin gainditu dut. Errepideko neska da, eta oso bizkorra da ordekan. Horregatik, Madrilen topatuko dugun ibilbidea erabakigarria izango da.
Eta MundukoTxapelketan parte hartuko duzu?
Egia esan, ez dut pentsatu ere nahi. Hori bai, Munduko Txapelketara joatea opari gisa hartuko nuke. Dena dela, ez da erraza izango. Zer uste duzu neskek ziklo-krosean duten
mailaz?
Alde nabarmenak izaten dira lasterketetan. Parte-hartzaile asko gaztetxoak dira eta lehiatzen dira, gutxienez. Etorkizunean hobetzea espero dut.
Azalduko al didazu noiz hasi zinen bizikletan, eta ziklo-krosean bereziki?
Bizikletan beti ibili naiz. Txirrindularitzan ez dut gehiegi eman; esaterako, errepidean ez naiz inoiz aritu. Hau da, lehiaketetan ez naiz larregi sartu; mendiko bizikletan pixka bat aritu nintzen hasieran, eta orain dela lau urte ziklo-krosari ekin nion.
Edonola ere, gorabehera asko izan dituzu, ezta?
Etenaldia izan nuen lesioak direla-eta, eta orain berriro gogotsu hasi naiz gustukoa dudalako. Edonola ere, ez dut epe eta helmugarik izan nahi; norabait ailegatuko naiz.
Eta etorkizunean ziklo-krosean aritzeko
prest zara? Bai, baina hurrengo urtean ez dakit zer izango den. Aurtengoaz gozatu besterik ez dut egin nahi, pausoz pauso eta egunetik egunera. -
|